"Seme-alabekin ondo antolatu behar da bidaia, ez da abentura"

Anakoz Amenabar 2016ko mai. 10a, 09:03

Familiarekin eta bizikletaz egin ditu azken oporraldiak Juanjo Pinedo Bizikleteroak taldeko kideak; Gasteizko Bizikletaren Astearen barruan kontatuko du haren esperientzia.

Autoa alde batera utzi eta bizikleta izan du bidailagun Juanjo Pinedo gasteiztarrak azken oporraldietan. Haren lau urteko semearekin, Ametsekin, egin du azkenekoa, Suitzatik zehar hamar eguneko bidaia. Seme-alabekin bizikletaz ibiltzeak dituen onurak deskubritu ditu eta haren esperientzia kontatzeko hainbat hitzaldi eman ditu; hurrengoa maiatzaren 18an eskainiko du, euskaraz, Gasteizko Salburua gizarte etxean. 

Noiz erabaki zenuen seme-alabekin bizikletaz egin nahi zenuela bidaia? 

Aurretik ere hainbat bidaia egin nituen bakarrik, ez da egun batetik bestera bizikleta hartzeko erabaki bat izan. Hirian ere beti erabiltzen dut bizikleta, eta semea ere txikitatik ibili izan da bizikletan eta aukera polita zela pentsatu nuen.


Eta nolakoa izan da esperientzia?

Izugarri polita. Semearekin hogeita lau ordu egiten dituzu halako bidaia batean eta benetan ondo ezagutzeko aukera da. Joan den urtean Garona ibaiaren inguruko ibilbidea egin genuen, eta asko disfrutatu genuen. Orduan nire bikotea eta alaba txikia ere izan ziren eta primeran moldatu ginen. Ondo prestatutako bideak daude, baliabide guztiekin, bidaia errazten dizkizutenak.


Oraingoan Suitzan ibili zarete.
Bai, oraingoan semea eta biok bakarrik joan gara. Hainbat herri deskubritu ditugu eta couch-surfingaren antzeko etxe trukaketaren bitartez egunero herri berri bat eta familia bat deskubritu dugu. Izugarrizko esperientzia da, egia esan, eta harrituta geratu naiz bizikletazaleentzat nola prestatuta dagoen herrialdea eta zer aukera dituen. 

Nolakoak izan dira prestakuntza lanak?

Prestakuntza lan handia eskatzen du honek, seme-alabekin bazoaz ezin duzu abentura egin. Aurretik, ondo begiratu behar dituzu mapak, desnibelak aztertu, bide guztiak ezagutu eta ondo antolatu behar da.

Ez al da zaila izan semearentzat?

Semea ondo ezagutu behar duzu halako bidaia bati ekin aurretik. Eta ohituta egon behar da bizikletaz ibiltzera, noski, ezin da egun batetik bestera erabaki hau hartu. Halako baten aurretik hainbat buelta eman ditu Gasteizko eraztun berdean eta inguruetan. 

Zenbat kilometro egin dituzue egunean?

Batez beste 25 kilometro egiten ditugu, eta gehienez 35, eta betiere semearen indarren arabera. Horregatik, beti saiatzen naiz bidaiak trenbidearen ondotik antolatzen; momenturen batean nekatu edo zerbait gertatze- kotan, trena hartzeko aukera izateko goazen lekura goazela.

Esperientziaren berri emateko hitzaldia duzu maiatzaren 18an.

Orain arteko bidaiak kontatu eta aholku batzuk ematen saiatuko naiz, halako bidaia bat prestatzeko nondik hasi jakiteko. Ikus-entzunezko baten bitartez osatuko dut hitzaldia.

Eta prest al duzu hurrengo bidaia?

Hurrengoa udan egingo dugu, Holandara. Orduan etxeko laurak joango gara, baina oraindik prestatu gabe daukagu. Bide batzuk begiratu ditugu eta nondik nora egin nahi dugun erabaki; baina antolakuntza handia egin gabe dugu oraindik. 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago