Hiru dimentsioko horma-irudi berria egingo dute Zaramagan

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko mai. 3a, 10:01

Maiatzaren 5ean, 12an eta 17an parte hartu nahi dutenei zuzendutako informazio-bilerak egingo dituzte. 'Hormatik at' izeneko horma-irudia uztailean egingo dute Mendoza kalean.

Aurten Zaramaga auzoak horma-irudi berria estreinatuko du. Izan ere, IMVG Hiri margotua proiektuaren eskutik, Gasteizko auzoan egingo duten laugarrena margotuko dute uztailean. Oraingo honetan, muralak berezitasun nabaria izango du; hiru dimentsiotan egingo dute, hots, erliebea izango du. Jorratuko duen gaiari dagokionez, Zaramaga auzoan izan diren migrazioak izango ditu hizpide, 60.hamarkadan eraiki zenetik gaur egun arte.

Mendoza kaleko lehenengo zenbakian egingo den horma-irudiaren izena 'Hormatik at' izango da eta David Tavares eta Itzal Garcia artista gasteiztarren zuzendaritzapean egingo dute.

3Dn egingo duten mural berria diseinatzeko bi aste behar izango dituzte, ekainaren 6tik hasita. Ostean, uztailaren 20tik aurrera, diseinatutako hori hormara eramango dute eta hilabete inguru beharko dute horma-irudia guztiz amaitzeko.

Informazio-bilerak maiatzean

Beti bezala, IMVG Hiri Margotua proiektuaren izaera partehartzailea izango da eta horregatik, boluntarioak bilatzeko hainbat informazio-bilera egingo dituzte maiatzean. Izan ere, bertan parte hartzeko ez da esperientzarik behar. Aurten, Zaramagako Arte eta Diseinuko Goi-mailako Eskolako zein Bilboko Argi Arte zentroko ikasleek kolaboratuko dute.

Lehenengo bilera, ostegun honetan izango da, 19.30ean Iparralde gizarte-etxean. Hurrengoa, maiatzaren 12an egingo dute, 20.00etan, Bueno Monreal kaleko Gero Arte espazioan eta azkena, maiatzaren 17an,  19.30ean, Herrerako mendatea kalean kokatzen den Werckmeister espazioan.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide