Maiatzaren 10etik 22ra bitartean, Gasteizko Bizikletaren XV. astea ospatuko da, Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Bizikleteroak elkarteak antolatuta.
Egitarauak aukera ugari proposatzen ditu adin eta ezagutza maila guztietarako, hala nola, erosketak bizikletaz egiteko aholkuak, mekanikari buruzko lantegiak, irteerak, erakusketak, hitzaldiak eta bizikletaz ibiltzen ikasteko oinarrizko ikastaroak. Egitaraua aurkezteko agerraldian, datu esanguratsua eman dute: Gasteizen egiten diren joan-etorrien % 13 bizikletaz dira.
Jarduera anitz
Aldabe eta Landatxo gizarte etxeak eta Landazuri kiroldegia izango dira erreferentziazko lekuak Bizikletaren Aste honetan. Aldabe gizarte etxean arratsaldero hitzaldiak izango dira. Landazuriko Bike Stationen, berriz, hiri txirrindularitzari eta mekanikari buruzko ikastaroak egingo dira, eta Landatxon bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroa eskainiko da, 14 eta 75 urte bitartekoentzat.
Gainera, txangoak egingo dira Usamaren etxaldera, Santa Katalinara eta Hirigune Historikoko horma irudien ibilbidean barrena.
Hori guztia osatzeko, kontakizun eta argazki lehiaketak (Selfie bat nire bizikletarekin) eta liburu erakusketa antolatu dira, eta EHUren campusean bizikletak ikuskatuko dira. Unibertsitateak berak, Gasteiz ON merkatarien elkarteak eta Osakidetzak ere lagunduko dute jardueretan.
Egitaraua: Gasteizko Bizikletaren XV. astea