Errefuxiatuei buruzko jardunaldiak antolatu ditu Gasteiz Irekiak

Itsaso Estarrona 2016ko api. 13a, 14:48
Siriako errefuxiatuak, Budapesteko tren geltoki batean. Argazkilaria: Mstyslav Chernov

Apirilaren 19, 20 eta 21ean izango dira Montehermoson, Aldaben eta Goiurin (Villa Suso), arratsaldeko 19:00etan

Errefuxiatuak, eskubiderik gabeko pertsonak. Zer egin dezakegu? Izenburu horrekin, jardunaldiak antolatu ditu Gasteiz Irekia ekimenak. 

Lehenengo saioa asteartean izango da (hilak 19), 19:00etan Montehermoso Jauregiko Betolaza aretoan. Bertan, Salvamento Marítimo Humanitario erakundearekin boluntario lanetan egon berri den Iker Tapia mintzatuko da, baita EiTBko kazetari Hodei Arrausi ere. Biak egon dira Chios-en: alegia, milaka pertsonaren behin-behineko geltoki den Greziako Chios irlan. 

Asteazkenean (hilak 20), Aldabe gizarte etxean izango da hitzordua, 19:00etan. Acción contra el Hambre erakundearekin lanean aritu den Daniel Burgui kazetari eta argazkilaria arituko da saioan, eta El juego del escondite film laburra emango dute. 

Errefuxiatuekin hitzordua

Ostegunean bi errefuxiaturekin topaketa antolatu dute: Anis Hawari, Biladi elkarteko errefuxiatu siriarra, eta Ivan Forero, errefuxiatutako soziologo kolonbiarra. Film labur bat emango dute ere; zehazki, Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeko Quién es quién lana. 

Jardunaldiei amaiera emateko, Los Señora! taldeak kontzertu bat eskainiko du Hala Bedi Tabernan, ostegunean bertan 21:30etatik aurrera. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide