Txerri haragia eta odola jaurti dituzte Zabalganako meskita berrira

Erredakzioa 2016ko martxoaren 16a

2011. urtean Zaramagan egin zuten moduan, ezezagun batzuek odola jaurti dute meskita ireki behar duten lonjan.

 

Zabalgana auzoan irekitzekoa den meskitaren kontra erasoak izan dira azken egunetan. Joan den astean gutun arrazistak banatu zituzten ezezagun batzuek atarietan eta aste honetan txerri haragia –argazkian– eta odola bota dituzte meskita egitekoa den lonjara; esbastika bat ere marraztu dute hormetako batean. Halako ekintza antzeko bat egin zuten 2011. urtean ezezagun batzuek Zaramagan ireki behar zuten meskitaren kontra.

Gasteizko Udaleko alderdi eta ordezkari guztiek gaitzetsi dute gertatutakoa. Gorka Urtaran alkateak "zentzugabekeria" dela nabarmentzeaz gainera, auzokideen arteko "elkarkidetza" beharrezko dela esan du.

Era berean, SOS Racismo, Atawasol elkartea, Ongi Etorri, Kaddour Sbai eta Ayoub El Bachiri kolektiboek ere gaitzetsi dute erasoa. Horrelako ekintzak "lekuz kanpo" daudela esateaz gain, herritarrei "sinesmenak errespetatzeko" eskatu diete.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago