Gasteizko eskoletan ematen den "segregazioa" salatu dute

Erredakzioa 2016ko ots. 15a, 15:39

Eskola publiko eta hitzartuen arteko “desoreka” salatu dute Gasteizko eskola publiko guztietako gurasoen elkarteek.

Gaur goizean eskola publikoaren aldeko manifestua aurkeztu dute Gasteizko IGE (Ikasleen gurasoen elkartea) guztiek, Denon Eskolak, irakasleen sindikatuek, ikastetxetako zuzendariek, eragile sozialek eta hirian bizi diren atzerriko hiritarren elkarteek.

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan atzerritar jatorriko ikasleen kontzentrazioa gero eta handiagoa dela azaldu dute. “Egoera horretatik ihesi, bertako familia ugari diru publikoz finantzatutako itunpeko ikastetxeak aukeratzen ari dira". Egoera honen aurrean, Hezkuntzako arduradunen “erantzun falta” salatu dute gurasoek.

Eskola publiko eta hitzartuen artean “desoreka” ematen dela ohartarazi dute, biak diru publikoz finantzatuta egon arren. Arazoa Hezkuntza alorrera soilik mugatzen ez dela gaineratu dute. “Gasteizen gizarte bateratu baten eraikuntza dago jokoan, eta kolektibo guztien integrazioa egiazkoa izatea nahi dugu”, argitu dute.

Neurri zehatzak

Aurkeztutako manifestuan, arazo honi aurre egiteko zenbait neurri proposatu dituzte eta Hezkuntza sailari dagokion lana egitea eta premiazko neurriak hartzea eskatu diote. “Neurriak ez dira asmatuak, asko adituengandik jasota eta irakaskuntza alorreko profesionalek proposatuak dira”.

Urrian abiatu zen eskola publikoaren aldeko ekimen hau, hiriko guraso elkarte guztiek “segregazio" prozesu hau "hiriko eskola publiko gehienetan" gertatzen ari zela konturatu zirenean. Orain, manifestua aurkeztu eta gero, Hezkuntza sailburuari, Gasteizko alkateari edo Arartekoari azaldu nahi diote euren kezka. Legebiltzarrean ere aurkeztuko dute euren proposamena eta bertako talde politiko guztiekin elkartuko dira.

“Nabarmendu nahi dugu etorkinen kolektiboak gurekin daudela. Ekimen honek bertako eta kanpoko familiak batzen ditu, kezka berberak baititugu”, azaldu dute gurasoek. “Etorkinen familia batzuk egoerarekin haserre eta arduratuta daude, ikastetxe konkretuetan bizi duten segregazio horrek bere seme-alabak gizarte honetan integratzea eragozten dutelako”.

2016ko urtarrilean Hezkuntza Ordezkaritzak plazaratutako datuen arabera, hiriko 20 ikastetxetako hainbat gelatan atzerriko jatorria duten ikasleek %30a gainditzen dute. Lau eskolatan %80a gainditzen da eta hirutan %50a. Ikastetxe hauetatik bakarra da itunpekoa.

 

MANIFESTUA: Euskal Eskola Publikoaren aldeko manifestua Gasteizen

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide