Aurten Martxoak 3ko gertaeraren 40. urteurrena ospatuko da eta Gasteizko gizarteko hainbat arloko pertsonek osatutako hiri ekimen batek gertakari honi buruzko memoria historikoaren alde egin du. Hori dela eta, Lluis Llach musikari katalanari eskerrak eman nahi dizkiote.
Llach-ek Campanas a morts requiem-a konposatzen hasi zen hilketak jazo ziren egun berean eta batzuek ezkutatu nahi izan zuten gertaera mundu osora zabaldu zuen.
Gorka Urtaran alkatea gaur elkartu da hiri ekimen honen kide batzuekin eta hurbiltasuna erakutsi du 1976. urteko martxoaren 3an gertatutakoa ahaztearen kontra borrokatzen dutenekiko eta Lluis Llach musikaria Gasteizko seme kuttuna izendatzea proposatuko dute.
PP udal taldearen ezetza
PP udal taldeak Llach hiriko seme kuttuna izendatzearen kontra agertu da. Lluis Llach egun Kataluniako parlamentuan Junts pel Siko diputatua izatea da ezezkoaren arrazoi nagusia. Horrez gain, PP udal taldearen ustetan, abeslari kataluniarrak ez du loturarik hiriarekin.