Uxue Diaz de Cerio, Arabako bertso eskolen arduraduna: “Bertso eskolak dira bertsolaritza hedatzeko mekanismorik potenteenak”

hirinet 2015ko ira. 25a, 01:00

Uxue Diaz de Ceriok du, Arabako Bertsozale Elkartean, lurraldean zehar dauden bertso eskolen ardura; ikasturte berriari begira, ikuspegi orokor bat marraztu du ALEAn.

Zein da zehazki Arabako Bertsozale Elkartearen eskaintza, bertso eskolei dagokienean?

Egun, Araban eskaintza anitza dela esan dezakegu. Arabako eskualde gehienetan dago bertso eskola, eskualde batzuetan berriz, herri ezberdinetan ere bai. Haur, gazte eta heldu taldeak daude, batzuk elkarteko irakasleek gidatuak eta beterano edo gaian adituenak talde autonomo  gisara. Gainera, bertso eskolarik ez dagoen herrietan lauzpabost lagun elkartu, elkartearekin harremanetan jarri eta bertso eskola martxan jar daiteke tokian tokiko baldintzen arabera. Elkartea beti bertsogintza hedatzeko eta ezagutzera emateko prest dugu.

 

Zenbat bertso eskola egon dira martxan 2014-2015 ikasturtean? Zeintzuk dira ikasturte berrirako aurreikuspenak?

Azken ikasturte honetan hamaika herri ezberdinetan hogeita zortzi talde izan ditugu martxan, gehiengo handi bat elkartetik  bideratuak. Eta ikasturte berri honi dagokionean, iazko taldeak eta besteren bat ere aurreikusten ditugu, izan ere 2016an Arabako Kuadrilla arteko txapelketa dator eta talde berriren bat ere izatea espero dugu bat-batean aritzeko ez bada bertso jarrietan aritzeko.

 

Zer da bertso eskola bat? Zer lantzen da bertan?

Lehenik eta behin, izenak esaten duen bezala, bertsogintzaz ikasteko eta aritzeko eskola edo gune bat da. Bertsoak idazten, bat-batean kantatzen, gaiak jartzen edota bertso saioak antolatzen ikasten da, besteak beste. Bertsotan egitea da helburu nagusienetako bat. Hitza, errima eta metrikekin jolastea eta jolas horrekin gozatzea, inprobisatuz bakoitzaren ustezko mugetatik haratago eginaz. Azken finean,  bertso eskola lagun arteko familia txiki bat bihurtzen da, bertsoak berak adierazteko eta askatzeko ematen duen erraztasunagatik, bertako kideak konfidente eta pasarteen konplize bilakatzen dira.

 

Zein da bertso eskolek Arabako bertsolaritzaren mapan duten lekua?

Bertso eskolak nukleo direla esan dezakegu, bertso eskolak dira bertsolaritza hedatzen laguntzen duten mekanismorik potenteenak, egituraren motorrak.

 

Zein da, Arabako Bertsozale Elkartearentzat, bertso eskolak duen garrantzia?

Lehen esan bezala, bertso eskolak nukleoan daude. Egungo bertsolariak bertso eskoletan hezi eta hazitako fruituak dira, beraz haiek gabe, egungo bertso saioetan, ez lirateke arabarrak arituko kantuan, gaiak jartzen, epaitzen, saioak antolatzen, bertso eskoletan eta hezkuntza arautuan bertsogintza lantzen eta irakasten...

 

 

Zer/nolako parte hartzaileak dituzte bertso eskolek Araban, oro har?

Parte hartzailearen profila zehaztea ez da batere erraza adin edo sexuari erreparatuz.  Adinari dagokionean, adin guztietako ikasleak daude eta adin oso ezberdinetan eman diotenak hasiera beren bertsozaletasun eta bertso kantuari. Generoaren ikuspegitik, bertso eskoletan emakumezko nahiz gizonezkoak aritzen dira, gerora oholtza gainean ausart ikusten ditugunen gehiengoa gizonezkoa bada ere. Euskaltzale eta bertsozale izatea da partaideak bateratzen dituena, izan ere bertsoa soilik euskara hutsean egin litekeen artea baita.  

 

Zertan lagundu dezake bertso eskola batek bere ingurunean?

Herriko eragile bat gehiago da bertso eskola. Herriak eta bertso eskolako partaideek nahi adina zukua aterako diote honi, bertsolariaren kantatzeko gogoak eta zalearen entzun nahiak. Izan ere, bertso eskolek herrian  ematen diren ekintzetan parte hartu izan ohi dute, jai egun garrantzitsuetan, esaterako Gabonetako festetan, Santa Agedan, herriko jaietan... Gainera, sortzaileak izaki, azken urteetan gauza ezberdinak ere sortzen joan dira, bertso dantza plazak, bertso rap saioak, bertso pilotak, bertso punka…

 

Eta euskararen normalizazioan?

Euskararen normalkuntzari dagokionean, bertsoak euskara hutsean sortzeak partaideen euskara maila sendotu eta handitzen du ezinbestean. Bertso eskoletan hitz egiten den hizkuntza euskara da, eta sortzerako orduan, hitzekin jolas egiterako orduan, nahitaezkoa da errimatzeko eta ideiak neurrian sartzeko, sinonimoak eta esan nahi dena beste modu batean adierazteko beste hitz eta esamolde batzuk bilatzea.

 

Egilea: Arabako Bertsozale Elkartea

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide