Auziari berrekin nahi diote

Juanma Gallego 2024ko mar. 24a, 06:00
Lapuebla de Labarcan egindako topaketa batean aurkeztu dituzte Kantabria izendapena erabiltzearen aldeko argudioak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Kantabria mendilerroaren aldeko plataformako kideak itxaropentsu azaldu dira Toloño/Kantabria izendapenaren gaineko eztabaida Espainiako kongresuaren batzorde batera eramango dutelako.

Arabako Errioxa eta Mendialdea banatzen dituen mendilerroari Toloño ala Kantabria deitu behar al zaio? Aspalditik datorren polemika ez da baretu Euskaltzaindiak lehen hautuaren alde egin zuen izendapen ofizialarekin. Are, azken hilabeteotan Kantabria Mendilerroaren aldeko Plataforma martxan da berriro, eta ekimenak berreskuratu ditu. Horietako bat Espainiako Kongresuan gauzatuko da, PSE-EE alderdiak bertako batzorde batean eztabaidatzeko ez legezko proposamen bat erregistratu duelako. Sare sozialetan ere berreskuratu dute Kantabria izendapenaren aldeko aldarria, eta, norabide berean, joan den astean kazetariekin topaketa bat antolatu zuten Lapuebla de Labarcan, gaur egungo egoera zertan den azaltzeko.

Bildutakoen aurrean, aspaldiko argudioei eutsi die Salvador Velilla etnografoak, eta argudio berriak jarri ditu mahai gainean ere, azken urteetan artxiboetan egindako lanaren ondorioz Kantabria izendapenaren erabilera babesten duten erreferentzia berriak aurkitu dituelako. Dena dela, egunerokotasunean bertako biztanleek modu naturalean Kantabria izendapena erabili izana da plataforman bilduta dauden lagunek gehien erabiltzen duten argudioa.

Plataformaren arabera, Toloño izenak ezin du mendilerro osoa hartu. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

"Idatzita geratzen ez dena galdu egiten da, eta ohiturak mantendu behar dira; bestela gure historiaren parte bat galduko dugulako", dio Blanca Casado plataformako kideak. "Nik ez dut nahi nire bilobek erabiltzea beren guraso eta aitona-amonek erabili ez duten izendapen bat".

Txostenen joan-etorria

Soka luzeko eztabaida da hau, 35 urtez mantendu izan dena. Abiapuntua 1989an dago, Euskaltzaindiak Jose Antonio Gonzalez Salazar etnografoari txosten bat eskatu zionean. Bertan Toloño izendapenaren alde egin zuen. "Gonzalez Salazarrek oso lan interesgarriak ditu, baina txosten horrek ageriko gabeziak zituen", dio Velillak. Hamar urte geroago Euskaltzaindiak izendapena berretsi zuen, eta 2010ean Roberto Gonzalez de Viñasprek horren alde egin zuen berriro. Sei urte geroago, Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzordeko kide Mikel Belaskori txosten bat eskatu zion, eta bertan adituak gomendatu zuen maparen eskalaren arabera hiru izendapen erabiltzea —Toloño, Kantabria eta Kodes—, baina mendilerro osoa izendatzean Kantabria erabiltzea. Plataformako kideak horren alde azaldu dira, eta salatu dute azken txosten hori "kaxoi batean gordeta" mantendu nahi izan dutela, eskualdeko eragileei horren berri eman gabe. "Lotsagarria da egiten ari direna", kexu mintzo da Velilla.

"KONGRESUAN GAIA JORRATZEAK AUZI HAU EZAGUTARAZIKO DUELA ESPERO DUGU". RAKEL ZABALA, LANTZIEGOKO ZINEGOTZIA

Azken aldaketa garrantzitsua 2017an etorri zen, IGN Espainiako Geografia Institutu Nazionalak ebatzi zuenean EAEk, Nafarroak eta Errioxak partekatzen duten mendilerroaren toponimo ofiziala Toloño Mendilerroa dela, baina Kantabria Mendilerroa aldaera bezala onartu zuenean. Plataformako kideen arabera, azken hau institutu horretako bi funtzionariori esker izan zen, eta, momentuz, horri eusten diote argudiatzeko Kantabria izena erabili daitekeela, modu ofizialean ere. "Funtzionario horiek esan ziguten epaitegietara joz gero, irabazita izango genukeela auzia", aurreratu du Velillak. Aldaerak aldaera, beren estilo liburuen arabera euskarazko hedabideek Euskaltzaindiaren arauen araberako izendapena erabili behar dutela jakinarazi diete ere plataformako kideei.

Ohitura, historia eta egungo erabilera argudiatzeaz gain, udal eta elkarte askoren babesa dutela gogoratu dute, bai eta 2.000 sinadura inguru ere.

Momentuz, Kongresuan aurkeztutako eskaeran dute itxaropena. "PSEk aurkeztu duen ekimena ez da loteslea izango, baina gutxienez baliogarria izango da auzi honen inguruko ezagutza zabaltzeko", adierazi du Lantziegoko zinegotzi Rakel Zabalak. Bitartean, plataformak hedabideekin izandako topaketa erabili du ere aurrerantzean egingo dituen ekimenak gorpuzten joateko. Baina hori postreekin batera etorri den kontua izan da. Off the record.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide