Trikuharriak, gurpil gainean

Erredakzioa 2024ko mar. 23a, 10:00
Ibilbideak biltzen dituen zortzi trikuharrien artean, Sorginaren Txabolarena da ezagunetakoa. PHOT.OK

Historia gurpil gainean ezagutzeko Arabako Errioxako Trikuharrien Ibilbidea egokitu du Eusko Jaurlaritzako Turismo sailak. Ibilbideak malda handiak ditu, eta sasoi onean daudenentzat da egokia.

Bizikleta eta Arabako paisaien aniztasunaren zaleak zorioneko daude hastear dauden opor egunekin. Izan ere, Arabako Errioxako Trikuharrien Ibilbidea aurkeztu dute urte hasieran Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Diputazioak. Ibilbidea zirkularra da, 53,22 kilometrokoa, orain arte seinaleztatu gabe zegoena, eta lurraldeko historiaren eta natura ingurunearen mugarriak erakusten ditu.

El Sotillo trikuharria Lezatik igaro eta gero aurkituko dute txirrindulariek. PHOT.OK

Pedalei eraginez iraganera joateko planteatuta dago ibilbidea, 5.000 bat urte atzera egin eta Arabako Errioxako lehenengo biztanleen historiara iristeko; zehazki, haien ehorzketa modura.

Zortzi trikuharri ikusteko aukera dago bizikleta bidea jarraituz gero; baina nabarmendu egin behar da ibilbideak malda handiak dauzkala eta, beraz, bizikleta elektrikorako edo sasoi onean daudenentzat dela egokia.

Hirugarren etapan, Sorginaren Txabolara hurbilduko dira txirrindulariak

Villa-Lucia gastronomia guneko aparkalekua da abiapuntua, Guardian; baina ibilbidea zirkularra denez, ukitzen dituen gainerako herriak ere ibilbidearen hasiera eta amaiera izan daitezke.

Guardiatik hasita, lehen trikuharria Bilar herrian dago, El Encinal. Trikuharri hau handia da, eta gutxi gorabehera 6,5 metroko luzera duen korridorea dauka. Azken esku-hartzeei esker, trikuharria kontserbazio-egoera onean dago, eta garai desberdinetako materialak berreskuratu ahal izan dira.

Ondoren Kripan udalerrira eramaten dute seinaleek, hurrengo trikuharria ikusteko: Los Llanos. Bertan, ehun pertsona inguru ehortzi zituzten mila bat urtean. Halaber, silexezko erremintak eta hezurrez egindako gauzak berreskuratu ahal izan dira, eta, horien artean, besteak beste, ahuntzen edo ardien tibiekin egindakoak nabarmentzen dira.

Kondaira eta guzti

Sorginaren Txabola da Arabako Errioxako trikuharri ezagunetako bat, eta Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat. Bertara hurbilduko dira txirrindulariak hirugarren etapan. Kondaira zahar bati zor dio izena: San Juan eguneko goiz guztietan, sorgin batek kantu batzuk abesten zituen, eta harri bihurtzen zuen begiratzera hurbiltzen zen oro.
Handik Alto de La Hueserara jotzen du bideak. Brontze Aroaren hasierara arte egin ziren ehorzketak bertan, eta trikuharriaren barruan, 130 gizabanako ingururen hondakinak aurkitu zituzten.Hurrengo trikuharria ikusteko, Layazakoa, 600 metro igo behar dira Herrera porturantz.

Samaniego udalerritik igaro ondoren, El Montecillo trikuharria aurkituko dute txirrindulariek. Arabako Errioxan aurkitutako azken trikuharria da; 2009an aurkitu zuten, eta adituek badakite bi erabilera izan zituela: batetik, harriak pilatzeko tokia izan zen, eta, bestetik, harrobia.

Lezatik igaro eta gero, metro batzuk aurrera eginda, El Sotillo trikuharria agertuko da begien aurrean. Trikuharri hau 1.500 bat urtez erabili zuten, eta korridorea, hilobi-ganbera eta bederatzi lauzak eratutako oinplano arrauzkara dauzka; lauza batzuk 2,20 metroko altuerara iristen dira.

Ibilbidean dagoen azken trikuharria ikusteko, San Martingoa, Paganos udalerrira sartu aurretik desbideraketa bat hartu behar da. Bitxia da egitura: gainean, ohiko txabola bat eraiki zioten, trikuharriaren tumuluko harriekin egindako kupula faltsu batekin estalia, eguraldi txarretik babesteko.Hain zuzen ere, ezaugarri horrek egiten du trikuharria hain ezaguterraza.
"Arabako Errioxakoa bezalako ibilbideek aukera ematen digute gure turismo eskaintza handitzeko, eta Euskadiko zikloturismoaren helburuak indartzen dituzte: desestazionalizazioa, turismo- luxuak lurraldean banatzea eta egonaldia handitzea. Horrela, ibilbideen bidez lurraldea egituratzen laguntzen dugu, eta turismo jarduerak sortzen duen aberastasuna helmuga osoan banatzen dugu", azaldu du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide