Oionera ura eramateko ponpaketa sistema eraikiko dute

Erredakzioa 2024ko ots. 23a, 12:02
Partzuergoak eta URA agentziak sinatu dute hitzarmena. Argazkia: IREKIA

Guardian dagoen biltegitik ura ponpatzeko sistema berrian bi milioi euro inbertituko dituzte Arabako Errioxako Ur Partzuergoak eta URAk. Partzuergoak udalei ohartarazi die iazko murrizketak errepikatu daitezkeela aurten.

Casablancan (Guardia) dagoen ur biltegitik Oionera edateko ura eramateko ponpaketa instalazio bat eraikitzeko hitzarmena sinatu dute Arabako Errioxako Ur Partzuergoak eta URA agentziak. Orotara, 2.138.906 euroko kostua izango dute lanek, eta erdi bana ordainduko dute. 

5.000 metro kuboko biltegia dute Oionen, eta Toloño mendilerroko zundaketekin osatzen dute hornidura. Oionetik gertu dagoen El Carrascal (Lantziego) industrialdera ura eramateko 1.910 metroko hoditeria eraiki dute orain arte, baina oraindik beste 5.204 metro falta dira ezartzeko.  

Jaurlaritzak zabaldutako ohar baten arabera, eskualdea hornitzen duen Toloño mendilerroko akuiferoa berreskuratzen ari da iaz izandako lehortearen ondorioz, baina, halere, ohi baino maila baxuagoan jarraitzen du. Egitasmo berriak "erresilientzia handiagoa emango dio sistemari", eta "segurtasun handiagoz kudeatuko ditu agorraldiak eta etorkizunean gerta daitezkeen eskasia gertaerak".

Murrizketak, aukeran

Aste honetan bertan eskualdeko ur partzuergoak udalei ohartarazi die erakundearen datozen asanbladan murrizketa berriak onartzea aztertuko dutela. Iaz hartutako neurriei jarraiki, udal igerilekuen irekiera datak baimentzeko edo lorategiak zein kaleak ureztatzeko murrizketak izan daitezke horietako batzuk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide