Geologiak markatutako herria

Juanma Gallego 2024ko urt. 28a, 06:00
232 soto-upategi daude Guardian; horietako asko ondo kontserbatuta daude, baina beste batzuk arazo iturri izan daitezke. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Guardiak dituen berezitasun geologikoak aintzat hartzeko beharra azpimarratu dute Ruth Jimenez eta Alberto Bandres geologoek. Bereziki lurzorua zipriztintzen duten kalatuekin arreta berezia eskatu dute.

Izugarri polita da jakitea herri baten azpian, erdi ezkutuan, lurpeko beste mundu txiki bat dagoela. Ez da apeta kontua: ardogintza tradizionalean beti lagungarriak izan dira soto-upategi edo kalatuak. Halere, dena ez da hain erromantikoa. Ez da zertan arkitekto izan konturatzeko gehiegi zulatutako zorua arazo iturri izan daitekeela baldin eta gainean eraikinak badaude. Navaridasen ondotxo dakite hori: azken urteotan milioi bat euroko inbertsioa egin behar izan dute herriko kalatuek zulatutako herriaren zati bat amildu ez dadin.

Guardian, momentuz, gauzak ez daude horren larri, baina adituek argi dute halako egiturei adi erreparatu behar zaiela. "Hustutako kalatuak erloju bonba bat izan daitezke", ohartarazi du Alberto Bandres geologoak. Joan den larunbatean Guardiako geologiari eta horren eraikuntza inplikazioei buruz emandako hitzaldi batean eman ditu Bandresek xehetasunak, Ruth Jimenez geologoarekin batera.

GEHIENONTZAT HARRI KOSKORRAK BAINO EZ DIRENAK LIBURU BAT BEZAIN ARGI MINTZO DIRA ADITUENTZAT

Jimenez izan da, hain justu, herriaren testuinguru geologikoari buruz bertaratutakoei lehen azalpenak eman dizkiena. Horretarako, noski, harrietara jotzea da aurrena. Gehienontzat harri koskorrak baino ez diren horiek liburu bat bezain argi mintzo direlako adituentzat. Kasu batzuetan, informazioa oso agerikoa da: gaur egun zerua ukitzen duen Toloño mendilerro erraldoia garai batean itsaspean izan zela adierazten duten fosilek ematen dutenekoa, kasu. Baina gehienetan txikiagoa da geologiak eskaintzen duen kontakizunaren letra. 

Eta askoz joriagoa ere. Kasurako, inguruko hareharria tindatu eta mikroskopioan ikustean ondorioztatu dezakete gorri ateratzen diren zatiak material karbonatatuak direla, eta badakite horien jatorria alboan dagoen Toloño mendilerroan dagoela. Baina kolore zuria eta grisaxka duen kuartzoa ere bada, eta jakin badakite horrelakorik ez dagoela Toloñon. "Hegoaldeko mendilerroetatik datozen materialak dira", azaldu du Jimenezek. Gaur egun hain urrun dauden mendi horietatik etorrita, badakite mendi horien higadura ahalmena izugarri handia izan zela.

Glazis baten gainean

Inguruan hareharriak nagusi izanik ere, herriaren oinarrian bertan dauden materialak bestelakoak dira, mapa geologiko askotan hori oraindik ondo zehaztuta ez dagoen arren. "Zuena da errua", errieta egin die Jimenezek guardiarrei, irribarre bat aurpegian. "Argi dago ez zenituztela geologo horiek gonbidatu zurrakapotea hartzera".

Alberto Bandres eta Ruth Jimenez geologoek eman dituzte azalpenak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Orain adituek ondo dakite kalatuetan, hareharrizko matrize batean txertatuta, legar ugari azaltzen direla, eta horrek adierazten duela Guardia glazis baten gainean eraikita dagoela. Hots, sedimentazioaren ondorioz sortutako muinoa dela. Besteak beste, kalatuetan hartutako laginetan foraminiferoak aurkitu dituzte, eta horrek adierazten du fosil ñimiño horien jatorria ere Toloñon dagoela.

"KALATUETAN SARTZEN DEN URAREN ARABERA, ARAZOAK IZAN DITZAKEGU". ALBERTO BANDRES, GEOLOGOA

Bada, erabat zulatutako lurzoru bat izanda —herrian 232 kalatu daude—, geologian garrantzi handia duen beste protagonista bat sartzen da ekuazioan: ura. Elementu honek zizelkatu du paisaia milioika urtez, eta, gaur egun ere, jardun isilean dihardu.
Modu berean, badirudi urak herriaren egitura ere bideratu duela historian zehar, pentsatzekoa delako ur jarioak garai batean osatzen zuen ibilguaren inguruan eraiki zela kale nagusia, herriaren azpiko aldean dagoen urmael zeltiberiarra bideratuta.  
Bandresek azaldutakoaren arabera, ura apurka sartzen da kalatuetan, eta daramatzan gatzak prezipitaturik geratzen dira, kalatu asko zurituz. Hein handi batean, gatz horiei esker lortu izan da nolabaiteko porlan natural baten antzeko egitura eratzea, eta horrek lagundu du kalatuen egonkortasuna bermatzen. 

Baina, modu berean, ur jarioan izandako edozein aldaketa erabakigarria izan daiteke. "Sartzen den uraren arabera, arazoak izan ditzakegu", aurreratu du.

Kezka iturri

Arazoa are konplikatuagoa da historikoki eraiki izan diren moduagatik. Adituak dio beste zenbait lekutan ez bezala, Guardian kalatu gehienak karga-hormak aintzat hartu gabe eratu zirela; tartean, familiek beraiek zulatu zituztelako, beharrezkoak diren ezagutza arkitektonikorik izan gabe. Denborarekin toki askotan dobelak eta bestelako egiturekin hobetu badira ere, beste zenbait kasutan egitura hauen egoera kezka iturri izan daiteke, eta horregatik geologoek horien gainean arreta berezia izateko eskatu dute.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide