Zentral fotovoltaikoa inauguratu dute Samaniegon

Erredakzioa 2024ko urt. 8a, 16:58
Kiroldegiaren estalkian eguzki panelak jarri dituzte. Argazkia: SAMANIEGOKO UDALA

Kiroldegiaren estalkian 70 panel jartzeko lanak bukatu ditu udalak. Konstituzio eta Las Heras kaleen arteko eremua berritu dute ere.

Samaniegoko udalak 70 eguzki panelez osatutako zentral fotovoltaikoa jarri du herriko kiroldegian. Azpiegitura berriak 36kW-eko kontsumo partekaturako aukera emango du, udalak ohar batean adierazi duenez. 

Lan horietan 37.750 euroko inbertsioa egin dute. Pili Garmendia alkatearen esanetan, azpiegitura berriak "udal gobernuak trantsizio energetikoarekin eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa" adierazten du. 

Pergola bat eta beste hainbat elementu jarri dituzte aisialdirako espazio berri batean. Argazkia: SAMANIEGOKO UDALA

Ez da urte amaierarekin batera herrian bukatu duten obra bakarra. Izan ere, aisialdirako espazio berri bat atondu dute Konstituzio eta Las Heras kaleen artean dagoen udal jabetzako lurzati batean. 300 bat metro koadroko eremu horretan lorategi pergola bat jarri dute. Horrez gain, zoladura aldatu, irisgarritasuna hobetu, ureztatze automatikoa jarri eta bankuak zein paperontziak paratu dituzte bertan. Lan horiek 35.000 inguru euroko kostua izan dute. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide