Emakumeekiko "jokaera desegokiak" atzeman dituzte Guardian

Erredakzioa 2023ko abe. 19a, 09:11
Hainbat lagun Guardian, informazioarekin zerikusirik ez duen artxiboko irudi batean. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Udalak herritarrei eskatu die Ertzaintzari deitzeko "zerbait ikusten" baldin badute, ustezko egileak identifikatze aldera. 

Azken hilabete eta erdian batez ere gauez emakumeekiko zenbait "jokaera desegoki" atzeman dituzte Guardiako auzokideek, eta, ondorioz, alkateak Ertzaintzari egoera horren berri eman dio; besteak beste, egun batzuetan polizia presentzia areagotzeko eskatuz. 

Hilaren 15eko Guardiako azken udalbatzan EH Bilduko zinegotzi Angel Cocak ezagutarazi du herrian "alarma soziala" piztu dela emakumeen kontrako hainbat jarrera direla eta. "Ez dakit eraso gisa hartu daitezkeen", aurreratu du bere galderan. 

Raul Garcia Ezquerro alkateak baieztatu du hari ere iritsi zaiola halakoen berri, eta, ondorioz, Ertzaintzarekin ordu eta erdiko bilera izan duela gaiari heltzeko. 

"Tamalez, arazoa da ez dagoela salaketarik", esan du alkateak. Momentuz, "edozein gauza arraro" atzematekotan berehala deitzeko eskatu dio alkateari Guardiako ertzainburuak. Garciari helarazi diote pertsona horiek "egin behar ez den zerbait egiten ari direnean" poliziari deituz gero, Ertzaintza azaldu eta ustezko egileak identifikatzeak "asko laguntzen" duela.  

Hortaz, alkateak dei egin die Guardiako bizilagunei halakorik ikustekotan ertzaintzari deitzeko. PPko zinegotzi Cesar Garcia de Olanoren beste galdera bati erantzunez, alkateak baieztatu du "lehen abisua jaso zutenetik", asteko zenbait egunetan poliziaren presentzia areagotu dela herrian. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide