Nola egiten dute ardoa Candido Besa upategian?

Erredakzioa 2023ko abe. 15a, 11:00

Candido Besa familia upategiak bideo bat plazaratu du bere iragana eta oraina azaltzeko. Gaur egun, Esti, Lorentxo, Julen eta beste hainbat lagunek ekoizten dute ardoa, prozesuaren hasieratik bururaino, mahastietatik botilaraino.

Arabako Errioxako Villabuena herrian kokatuta dagoen upategi familiarra da Candido Besa. 1940an hasi ziren beren ardo bereizgarria egiten, eta 1975ean komertzializatzeari ekin zioten. Aste honetan zabaldutako bideo batean azaldu dute upategiaren historia eta ibilbidea, bai eta gaur egun ardoa ekoizteko prozesuaren nondik norakoak ere.

Candido Besak berak, bere aita Agustinen eskutik, irekitako bideari eutsi diote bere alaba Estik eta Lorentxok; orain, laugarren belaunaldia diren biloba Julen eta bere lagun batzuekin batera. Bost ardo mota ekoizten dituzte Candido Besa upategian, modu ekologikoan: Zuria, Lurrekoa, Bihotzekoa, Kuttuna eta, bereziena, Amarehuna. Ardoaren ekoizpen prozesu osoa dago haien esku, mahastiak ereitetik ardoa botilaratzeraino; eta, jakina, mahats-bilketa ere haiek egiten dute, mendematzaileen laguntzarekin.

Ardoaren elaborazio prozesu hori azaldu dute Ekaitz Anda (Ekanda Ekoizpenak) bideogileak grabatutako eta editatutako ikus-entzunezko lanean. Gainera, dron irudi ikusgarriak grabatu dituzte ere, HH Maniako Studio estudioko kideen laguntzarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide