Bi pertsona hil dira Lantziegoko upategi batean, lan istripuz

Erredakzioa 2023ko urr. 2a, 07:30
Lantziegok hiru dolu egun egingo ditu. Argazkia: Lantziegoko Udala

60 eta 61 urteko bi langile hil dira igande honetan Lantziegoko upategi batean, ardo depositu bateko ardoaren anhidrido karbonikoa arnastuta. 31 urteko beste langile bat ere ospitalera eraman dute.

Albiste tragikoa gertatu da igande honetan Lantziegon (Arabako Errioxa), lan istripu hilgarri batek bi heriotza eragin baititu Crespo Zabala ardo upategian. 13:30ak aldera jazo da ezbeharra: langile bat ardo biltegi batera erori da, eta hari laguntzen saiatu dira beste bi lagun; ardoaren bafada (anhidrido karbonikoa) arnastearen ondorioz, bi langile hil eta beste bat zauritu da.

Lan istripuz hildako bi langileak koinatuak ziren, 60 eta 61 urte zituzten, eta beren heriotza baieztatu baino ezin izan dute egin bertaratutako larrialdi zerbitzuek. Beste langilea, 31 urtekoa, helikoptero batean eraman dute Logroñoko (Errioxa) ospitalera, zaurituta.

Osalan Laneko Segurtasunerako eta Osasunerako Euskal Erakundeak gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko ikerketa abiatu du. Bere aldetik, Lantziegoko Udalak, premiazko udalbatzan, hiru dolu egun deitu ditu udalerrian.

"Min izugarria Arabako Errioxan. Berriro tufoa. Nire babes eta maitasun guztia biktimen familiari eta gertukoei, Lantziegoko jendeari eta sufritzen ari diren lagun guztiei", adierazi du Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak.

2023an 41 lan istripu hilgarri

Bere aldetik, LAB sindikatuak ohartarazi du azken hiru urteetan dagoeneko lau lan istripu hilgarri gertatu direla lan prozesu berberean. Gainera, 2023an, lan istripuz hildako langileak 41 dira jada, igande honetako biak zenbatuta. Sindikatu abertzaleak, Lantziegon gertatutakoa salatzeaz gain, "babes osoa" adierazi die atzo hildako bi langileen senide eta lagunei.

LABek kritikatu du "prekarietatea heriotza horien guztien atzean" dagoela, eta instituzioei "behingoz esku har dezatela" exijitu die. "Azken kasu honetan, Arabako Errioxako lehen sektoreari bete-betean eragiten dion beste faktore bat gehitu zaie lan heriotzei: bi senide hauek hil diren upategia upategi txikia da, familiakoa, multinazional eta makro-esplotazioekin lehiatu behar dena", salatu du sindikatuak.

Izan ere, lan handiko garaia da mahats-bilketa: "Pertsona hauek duten lan zama handitu egiten da, eta presioaren eta pilatutako nekearen ondorioz istripuak gertatzeko aukera biderkatzen da", ohartarazi dute, instituzioei Arabako Errioxako ardogintza eredua babestu dezatela eskatuz, "berriro ere honelako egoerarik gerta ez dadin". Atzo bertan Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak egindako adierazpenak "hitz hutsak" direla dio LABek, "neurriekin batera ez badatoz".

Halaber, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Aldundiari "ezinbestean istripu mota honi aurre egiteko neurriak" hartzea eskatu diete: "Gas isurien arriskuaren aurrean protokolo bat zehaztu eta betearazi behar dute, Osalan eta Lan Ikuskaritza baliatuz", aldarrikatu du LABek. "Ezin da gehiago itxaron, prozesu hauek barnebiltzen duten gas isurien arriskua saihesteko modua administrazioaren kontrol zorrotza da. Neurririk hartu ezean, instituzioak izango dira sektoreko hurrengo lan istripuen erantzule".

Euskal Intersindikalak azken bi lan heriotzak salatzeko mobilizazioa deitu du urriaren 4an, asteazkenean, 10:00etan Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, Gasteizko Probintzia plazan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide