Aldaketa kutsua dakar mendemak

Erredakzioa 2023ko ira. 15a, 06:00
Kantitatearen alde baino kalitatearen aldeko apustua egin nahi dute Euskal Herriko eta Errioxako upategi txikiek. Argazkia: PHOT.OK

Mahats-bilketaren jaiarekin batera hasiko dira Arabako Errioxako upategiak mahatsa biltzen. Ikusteko dago, aurten, Errioxa jatorri deituraren barruan areagotu den krisiak aldaketak ekarriko dituen.

Errioxa jatorri deituratik modu batean edo bestean alde egitea erabaki duten upategien zenbatekoa gero eta handiago da. Arabako upategi txikiak ez ezik, Errioxakoak ere ez daude gustura jatorri izenaren estrategiarekin. Errioxako Familia Upeltegien Elkarteak (BFR-PROVIR) iragarri du Errioxako kontseilu arautzailetik irtengo dela, uste duelako erakunde horrek, upeltegi handiei jarraituz, kantitatea hobetsi duela kalitatearen kaltetan.

"Kontseilutik alde egingo dugu, baina ez dugu izena alde batera utziko. Esan nahi duen gauza bakarra da guk ez dugula ordezkaritza mahaietan parte hartuko", argitu du Juan Carlos Sancha Errioxako 216 upategi biltzen dituen elkarte honetako lehendakariordeak. "Errioxa kudeatzen duen erakundetik alde egiten dugu bertan hartzen diren erabakiak Errioxako upategien eta nekazarien gehiengoaren kontrako erabakiak direlako. Kalitatezko produkzioaren ordez, ekoizpen masiboaren alde Errioxako deiturak hartu duen norabidea ez zaigu gustatzen", azaldu du elkarteak.

UAGAk ez du ondo ikusi

Erabakia hizpide izan dute Errioxa izendapenaren kontseiluan parte hartzen duten Arabako Errioxako elkarteek. Hala, UAGA Arabako nekazarien elkarteak Familia Upeltegien erabakia "deitoratu" du, eztabaida foroetan "aktiboki parte hartzea" funtsezkoa dela uste duelako: "Zaila den garai honetan erretiratzeak ziurgabetasun handiagoa sortzen du sektorearentzat". Kontseiluan dauden gainerako erakundeekin batera –ABRAk izan ezik–, adierazpen bat zabaldu du UAGAk, eta elkarteari bere jarrera berriz aztertzeko eta gobernu organoetara eta negoziazio mahaietara itzultzeko eskatu dio, "estatutuak berrikusteko prozesuan elkarlanean arituz, adostasun zabalagoa lortzeko helburuarekin".

UAGAk uste du erretiratzearen "benetako arrazoia" Lanbide Arteko Erakundearen estatutuak mantentzea izan daitekeela, BFR-PROVIRi mesede egiten ez diona. "Elkarte honek estatutuak aldatzeko eskatu izan du, elkarte bakoitzak dituen upategien kopurua kontuan hartzeko erakunde bakoitzaren ordezkagarritasuna zehazterakoan".

ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak, berriz, esan du errespetatu egiten duela Errioxako upategi txikiek eta ertainek Errioxa Kontseilu Arautzailea uzteko hartu duten erabakia. Itxaso Compañon lehendakariaren aburuz, erakunde horretako gobernu organoetako egungo ordezkagarritasun eredua "txarra" da eta aldatu egin beharko litzateke. "Supermerkatuan ginebra erosteagatik oparitzen den ardo ondu batek Kontseilu Arautzailearen barruan ehun puntuko ardo generiko batek baino balio handiagoa izateak ez du inolako zentzurik", azpimarratu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide