Iberdrola salatu dute, Mañuetako babes bereziko eremu batean makalak mozteagatik

Erredakzioa 2022ko ira. 1a, 15:34
40 metroko makaldia moztu du Iberdrolak Mañuetan. I.GARITANO

Ekologistak Martxan-ek salaketa jarri du Fiskaltzaren aurrean, Ebroko ibaiaren ertzean linea elektriko bat jartzeko baimenik gabe zuhaitzak moztea egotzita.

Talde ekologistak azaldu duenez, Trantsizio Ekologikoko Espainiako Ministerioak ingurumenaren inpaktuari buruzko txosten bat egin zuen, eta Iberdrolaren proiektu hori baimendu zuen. Alta, txosten horretan argi eta garbi uzten zen lanak zuhaitzak inaustea ekar zezakeela, baina ez moztea, azkenean gertatu den bezala.

Ekologistak Martxan-ek proiektuaren zehaztapenak ez betetzea leporatu dio Iberdrolari, eta ekintza hori Zigor Kodean tipifikatuta egon daitekeela gogorarazi du. Salaketan, elkarteak Arabako Probintzia Fiskaltzari eskatzen dio aurkeztutako dokumentazioa azter dezala eta zehapen-espedientea ireki dezala Iberdrolaren kontra.

Abuztuaren 22an ohartarazi zuten Mañuetako bizilagunek legez kontrakoa izan zitekeen makalen mozketa egiten ari zela Iberdrola udalerrian, goi-tentsioko kableatua zabaltzeko. Azaldu zutenez, Mañuetako Ebro ibaiaren ertzearen eremua Natura Sarearen parte da eta Hegaztien Babes Bereziko Eremua. Gainera, linea elektrikoak herriko txokorik politena txikituko duela salatu zuten, ibaiertz bakoitzean 40 metroko makaldia moztuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide