Euskal Eskola Publikoaren Jaia

Txoko ezezagunen hitzordua

Erredakzioa 2022ko eka. 3a, 14:00
Bastidako txoko desberdinak ezagutzeko aukera izango da larunbatean. PHOT.OK

Monumentu multzoa da Bastidako hirigune historikoa, eta naturarekin eta mahastizaintzarekin loturiko balio handia dute inguruek. Hori guztia ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte larunbatean.

"Bastida ez da hiru orritan kabitzen, izatekotan hiru liburutan". Hala idatzi du Miguel Larreina Gonzalez Mahastizaintzako eta Enologiako masterdun eta Arabako Errioxako herrien historian adituak. Larreinari esker dakigu 1242. urtean agertzen dela lehen aldiz Bastida izena idatzita, hain zuzen Fernando III.a erregeak Bastida hiri berria fundatu zuenean.

Erdi Aroan, berriz, ardogintzak bultzatuta, eraikin ikusgarriak, elizak edo jauregiak altxatu ziren. "Berrogei etxe armarridun baino gehiago daude Bastidan, bere neurriko beste edozein herritan ez bezala". Ondare horren garrantzia nabarmendu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta kultura ondasun izendatu zuen hirigune historiko osoa, monumentu multzo sailkapenarekin. Halaber, Bastidako Jasokundearen eliza eta Udaletxea Monumentu Nazionalak dira.

Bastidako inguruetan, bestalde, natura eta nekazaritza elkarloturik agertzen dira bisitarien begien aurrean. Horra hor, San Gines ermitaren inguruko parkea, Toloño mendiaren igoera, udalerriko mahasti aberatsak edo herritik bertatik San Gines parkera joaten den Machimbraoko zidorra.
Harkaitzetako dolare ugari ere biltzen ditu Bastidak. Ingurune naturalean sakabanatuta daude, mahastien artean, lurraren lurretik bizpahiru metroko altueran azaleratzen diren hareharrizko arroken gainean. Guztira, hamabi deskubritu dituzte.

Bisita gidatuak 

Bada, ondare arkitektoniko, natural eta kultural horri erreparatu diote ere euskal eskola publikoaren jaiaren antolatzaileek, eta, Bastidako Udala eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Bastida eta bere inguruak ezagutzeko bi bisita gidatu antolatu dituzte, jaiaren aurreko egunean, larunbatean, ekainaren 4an hain zuzen.

Bi motatako irteerak izango dituzte, Bastidako herria ezagutzeko eta mendi ibilia, mahastiak eta dolareak ezagutzeko. Bietan edo bakarrean parte hartzeko izena eman daiteke; lehen bisita 16:00etan abiatuko da, plazatik, eta bigarrena ordu eta erdi beranduago, 17:30ean, plazatik bertatik. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide