Arabako 53 udalak osatzeko bi egun falta direnean, "herritarren interesak" defendatuko dituela iragarri du EH Bilduk, eta "ahal diren tokietan" PP alkatetzetatik kanporatzeko konpromisoa azpimarratu du. Horrekin batera, "gehiengo alternatiboak" eratu nahi ditu. "Aurretik egin dugu, baina aurreko legealdian ikasi dugu ez dela nahikoa PP alkatetza batetik kanporatzea, baizik-eta horrekin batera beharrezkoa dela legealdirako ibilbide orri bat eta gobernantza eredu bat adostea ere”, adierazi du Arabako EH Bilduko koordinatzaile Ibon San Saturninok gaur goizean eginiko agerraldian.
Hala, Bastidan eta Guardian norabide horretan lanean daudela jakinarazi du. Horietan EH Bilduk EAJrekin batera koalizio gobernuak osatzeko "borondate irmoa" daukala esan du, “egonkortasuna eta gobernagarritasuna” bermatzeko.
Trebiñuri eta Argantzuni dagokienez, berriz, EH Bilduk uste du indar korrelazio nahikoa dagoela integrazioaren arloan aurrera egiteko ibilbide orria adosteko, eta norabide horretan lanean ari dela azaldu du. "Horrexegatik, guztiz ulertezina izango zen EAJk integrazioaren kontra dagoen PPren sostengua bilatzea EH Bilduri alkatetza kentzearren", ohartazi du San Saturninok.