Lapuebla de Labarcan izango da aurten Mintza Eguna, ekainaren 1ean

Erredakzioa 2019ko mai. 14a, 10:28
Lapuebla de Labarca ezagutzeko aukera izango da Mintza Eguna./ LAPUEBLA DE LABARCAKO UDALA

Euskal Herriko mintzalagunen festaren barruan, kalejira, herri-bazkaria, erromeria eta dantzaldia izango dira.

Euskal Herriko mintzalagunen festa nagusia Arabako Errioxan ospatuko da aurten, Lapuebla de Labarcan, ekainaren 1ean. Mintzalagunen mundura hurbiltzeko gonbitea luzatuko dute jaiarekin batera. TÚtik GUra! Ongi etorri Mintzalagunon mundura! leloa aukeratu dute Mintza Egunerako.

Lehen Mintza Eguna 2006an antolatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak, Iruñean. Ordutik urteroko zita izan da, eta Euskal Herriko hainbat herritan ospatu da: Donostian, Getxon, Gasteizen, Arrasaten, Elizondon, Santurtzin, Elgoibarren, Murgian, Beran eta Atarrabian. Herri horietan euskara plazaratu eta jai giro ezin hobea sortzen da.

Mintzalagun, berbalagun zein mintzakide guztien jaia da Mintza Eguna, eta egitasmoetan parte hartzen duten kideek elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko antolatzen da. Horretarako, egun osoko egitaraua izaten da. Herririk herri egokitzen den arren, honako ekintza hauek biltzen ditu normalean: hamaiketakoa, ibilaldi gidatua, kantu poteoa, herri bazkaria, bertsolariak eta erromeria. Gainera, bazkalostean esker emate ekitaldia izaten da. Mintzapraktika egitasmoetan borondatezko lanean aritu diren talde eta elkarteek mintzalagun guztien esker ona jasotzen dute, beren lanaren aitorpena egiteaz gain.

Euskaltzale asko biltzea espero da Lapuebla de Labarcan,  Euskal Herri osoko mintzalagunen urteko hitzordua izaten baita. Mintzalagunek gonbidapen berezia luzatu dute euskaltzale guztientzako: "etor daitezela ekainaren 1ean Lapueblara, gurekin batera euskaraz gozatzera". Euskaraz mingain eta zangoak astintzeko moduko egitaraua prestatu dute:

Egitaraua

  • 11:30  Ongi-etorria eta hamaiketakoa herriko plazan.
  • 12:00 Bi proposamen  aukeran:
    – Ardo eta olio dastaketa.
    – La Puebla de Labarca ezagutuz ibilbide gidatua.
  • ( bi ekintzak egiteko aukera egongo da).
  • 13:30 Kalejira animatua eta poteoa. Herriko plazatik hasita.
  • 15:00 Bazkaria. Ikastolan.
  • 17:00 Esker-emate ekitaldia. Ikastolan
  • 17:30 Erromeria. Ikastolan.

Bazkari txartelak eskuratzeko aukera www.mintzalaguna.eus  webgunean izango da, baita aurreko Mintza Egunetako irudiak ikusteko aukera ere. Txartelak salgai maiatzaren 24a arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide