Gure bazterrak

Navaridas: 350 urte bete ditu

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute/PHOT.OK 2018ko abe. 14a, 18:00

Orain dela 350 urte Guardiako eskumenetik kanpo geratu zen Navaridas, eta hiribildu izendapena jasotzen duen forua eman zioten.

Urte osoan zehar hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatu dira herrian gertakizuna gogoratzeko. Azkenik, iragan abenduaren 4ean, herriko plazan, "denboraren garrafoi bat" lurperatu zuten herritarrek, 400. urteurrenean irekitzeko konpromisoarekin. Gainera, Udalak oroitzapenezko zigiluak argitaratu ditu eta ONCEko kupoia ere kaleratu dute hiribildutza gogoratzeko.

Navaridasek 1668. urtean jaso zuen hiribildu izendapena, Guardiako jaurerritik banatu zen eta Arabako Batzar Nagusietan eserleku bat lortu zuen. 

Dena dela, Castejon Gaina  da Navaridas herriaren lehenbiziko aztarna. Hamasei hektareako Lehen Burdin Aroko giza-kokaleku bat da eta oso aztarnategi berezia, bikain kontserbatu delako, historiaren ikuspuntutik oso interesgarria delako eta etorkizunari begira ere aukera handiak eskaintzen dituelako. Castejon Gaina herrixka handia izateaz gainera, leku nabarmena du paisaian, leku askotatik ikusten delako eta bertatik  inguruko bideen gaineko kontrola erabatekoa delako. 

Babestutako esparruaren barruan erromatarren Goi Inperioaren garaiko nekazaritza-ustiategi baten hondakinak ere badaude, eta, muinoko tokirik garaienean, Erdi Aroko dorre baten egitura.

Hartara, Castejon Gaineko herrixkaren eremu arkeologikoa, Kultur Ondasun gisa kalifikatuta dago, Monumentu Multzoaren kategoriarekin, eta 2016. urtean ireki zen aztarnategiari buruzko interpretazio zentroa. 

Alta, Castejon Gaina ez da Navaridasek duen antzinako erakusgarri bakarra. Herritik gertu dago ere Santa Eulaliako X. mendeko nekropolia. Gutxienez hamahiru hilobi antropomorfiko ditu harrian zulatuta. Aurten baliabide turistiko gisa sustatzeko konpromisoa hartu dute Aldundiak eta Jaurlaritzak. 

Mahasti liluragarriez inguratuta, herrian landutako ardoa ere probatzeko aukera dago.

Fitxa:

Kuadrilla: Arabako Errioxa.

Udalerria: Navaridas.  

Biztanleak: 209 (2018ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeria: Alvaro Sodupe (1843-1889) militar eta kazetari karlista Navaridasen jaio zen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide