Victor Tapia eta Guardiaren arteko harremana aztertuko dute

Juanma Gallego 2017ko mai. 5a, 16:16

Victor Tapia enpresariaren erretratua. / Victor Tapia Fundazioa

Larunbat honetan emango du Guardiako enpresari ezagunari buruzko hitzaldia Antonio Mijangos apaizak 

 

"Enpresaria, aberatsa eta ongilea". Hala omen zen Victor Tapia Buesa. Guardian jaio zen, ezagutzen ez den urte batean, eta Bilbon zendu zen 1949an. Denbora gehiena Bizkaiko hiriburuan eman bazuen ere, enpresariak Guardiarekiko lotura mantendu zuen bizitzan zehar. 

Haren izena daraman ikastetxeak 75 urte bete zituenean bururatu zitzaion Antonio Mijangos apaizari enpresariaren bizitza ikertzea. Mijangosek azaldutakoaren arabera, Tapiak herriko ikastetxea eraikitzeko dirua eman zuen. "Udalak argitaratu zituen DVD eta aldizkari txiki batean esaten zen Udalak Tapiari itzuli ziola mailegu osoa, azken zentimoraino. Baina fitxategietan arakatzen ikusi nuen ez zela izan mailegua, dohaina baizik". 

Erretiroa hartu zuenean, Mijangos 1922. urtetik aurrera udaletxean zeuden aktak irakurtzen hasi zen eta orduan konturatu zen Tapiak diru guztia musu-truk eman zuela.  

Diru eskean

Dokumentazioan aurkitu zuenez, Guardiako Udalak, 1926an hasita, bost aldiz eskatu zion Madrilgo Hezkuntza Publikoko Ministerioari eskola berria eraikitzea, baina diru-laguntza ukatu zioten. "Orduan Udalak erabaki zuen ikastetxea bere kabuz egitea. Karlisten antzinako kuartelaren orubea lortu zuten, nahiko baldintza kaxkarretan zegoena, baina ezin izan zuten ikastetxea eraikitzeko dirua lortu".  

Tapiarengana jotzea erabaki zuten orduan. Tapia, besteak beste, Chimbo xaboi ezaguna egiten zuen enpresaren jabea zen. 100.000 pezeta eskatu zizkioten. Berak baietz erantzun baina baldintzak ezarri zituen: patronatu bat osatu behar zen, eta herriko jendeak osatutako batzorde batek kudeatu behar zuen dirua.

"Diputazioko arkitektoek proiektua egin zuten, eta ikastetxea eraikitzen hasi ziren", dio apaizak. Baina dirua bukatu zen, eta Tapiarengana jo zuten berriro, oraingo honetan mailegu bila. 25.000, 31.000 eta 20.000 pezeta eskatu zizkioten.

Kontaktu politikoak 

Ikastetxea egin eta gero, Tapiak bere kontaktu politikoak baliatu omen zituen hezkuntza ministerioaren diru-laguntza lortzeko. 90.000 pezeta jaso zituzten. "Dirua bueltatu ahal izateko, batzordeak gutun bat bidali zion Tapiari, baina berak erantzun zien azken 20.000 pezetak baino ez zituela onartuko bueltan, horiek ikastetxera bideratu ez zirelako".

Kontratua egin zuenean, Udalak hogei urtez txiroei eta herriko elizei urte bakoitzeko 3.000 pezeta emateko konpromisoa hartu zuen. Kontabilitatea arakatzen konturatu da Mijangos Udalak ez zuela hitzarmena bete. "Elizak mantentzeko partidak ikusi ditut, baina ez dut topatu ezer txiroak mantentzeko bideratua.  Tapiaren alarguna hil zenean, bukatu zen kontua, eta Udalak ez zuen berriro ordaindu". 

Ikastetxearen inaugurazioan, herriaren izenean lur sail bat eman zitzaion Tapiari, bere udako etxea eraiki zezan. "Collado gaztelua izan zen bere udako etxea udaran, eta Udalak inguruetako lorategiak usufruktuan erabiltzeko baimena eman zion". Oraingoan ere, bere alarguna hiltzean, eta Udalak ezer ez duela oinordetzan ikusi zuenean, harresi bat eraiki zuen Tapiaren etxea eta lorategien artean. 

"Ez dakit bere langileekin justua izan ote zen, baina Guardian gauza asko egin zituen", nabarmendu du apaizak.  

Hilaren 6an, 13:00etan izango da hitzaldia, gazteleraz, Guardiako Garcetas etxean. Victor Tapia: Mailegatzaile lukuraria ala Guardiako ongilea? izenburuarekin. Biasteriren Adiskide Elkartearen eta Udalaren babespean antolatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago