Liburu batean bildu dituzte eskualdeko emakumeen bizipenak eta testigantzak

Juanma Gallego 2017ko api. 10a, 12:00
Arabako Errioxako Emakumeen Lehen Topaketetan aurkeztu zuten egitasmoa, eskualdeko emakumeen lana azalarazteko. | Berberana aldizkaria

Jatorri ezberdinetako hamar emakumezkoren inguruko testuak biltzen ditu liburuak.

Martxoan Lapuebla de Labarcan egin ziren Arabako Errioxako Emakumeen Lehen Topaketetan aurkeztu zuten eskualdeko hainbat emakumeren bizitza jasotzen duen argitalpen berria. Bitartean Jolasean izeneko elkarteak abiatu zuen, aurrenekoz, ekimen hori, Oiongo emakumeen bizipenak jasotzen zituen liburuxka bat plazaratu zuenean. Argitalpenak izan zuen harrera ona ikusita, kuadrilla osora zabaltzea erabaki zuten. Monika Jalon gizarte langilea arduratu da lan hori aurrera eramateaz.

"Gure asmoa emakumeen bizitza azaleraztea izan da. Era horretan, ikusarazi nahi izan dugu emakumeok esparru askotan lanean ari garela, eta ez gaudela soilik etxean umeak zaintzen", azaldu du Jalonek.

Egileak arlo eta esparru geografiko anitzeko emakumeak aukeratu zituen. "Arabako Errioxan, Guardia, Oion edo Bastidaz aparte, herri ugari daude, eta hori ere kontuan hartu dugu". Emakume guztiek proposamenari baietz esan ziotela nabarmendu du egileak. Hamar istorioak euskaraz zein gazteleraz idatzita daude.

Aukera zabala

Jatorri ezberdineko emakumezkoak agertzen dira argitalpenean. "Adibidez, Kubako emakume bat ageri da, bertoko gizon batekin ezkontzean gurera etorri zena eta orain Osakidetzan lan egiten duena, erizain gisa. Eta, Labrazan bizi den belgiar baten bizitza ere". Esperientziaren bidean sakonduz, agure baten bizitza ere azaldu du liburuak. "Bilarreko emakume horrek, gainera, laguntza eman zuen, gaztaroan abesten ziren hainbat kantutan euskarazko hitzak berreskuratzeko". Haitin eta Argentinan kooperazio lanetan aritu izan den Samaniegoko neska baten bizipenak ere ageri dira liburuan.

Bastidako idazle bati buruzkoa da beste istorioetako bat. "Idazlea izan nahi zuen emakumea da, eta, jadanik, liburu batzuk argitaratu ditu. Orain, beste liburu bat idazten ari da, buru-belarri". Oionen tradizio handia duen Auroraren kantan aurrenekoz parte hartu zuten bi emakumeetako bat ere azaldu da liburuan. "Ordurarte mutilek baino ez zuten kanta egiten".

Bost emakume alkate dituen eskualde batean, horietako baten esperientzia jasotzea ere oso interesgarria iruditu zitzaion egileari. "Norbait aukeratzearren, gazteengana jo nuen, Lapuebla de Labarcako alkatearengana, hain zuzen. Berarekin jardutea plazer handia izan zen ere, tartean emakumeen arazoen inguruko motibazio handia duelako".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide