Kaletik ibiltzea edo edozein etxera sartzea sufrikarioa izan daiteke irisgarritasun mugatua duten lagunentzat, hainbat azpiegitura eraiki zirenean pertsona hauen beharrak ez baitziren kontuan hartu. Arazo hauek arintzeko, hainbat konponketa egingo dituzte aurten Oionen, eta horretarako 2017ko aurrekontuetan partida zehatzak bideratuko dituzte.
Otsailaren 15ean onartu ziren Oiongo aurrekontuak, plenoan egon ziren zazpi zinegotzien aldeko botoekin eta PP alderdiaren izenean bertaratu zen zinegotzi bakarraren abstentzioarekin.
Plenoan emendakin bakarra aurkeztu zuten, EH Bilduren izenean, eta onartua izan zen. Emendakina, hain zuzen, muga arkitektonikoen desagerpenari lotuta zegoen.
Eduardo Terroba Oiongo alkatearen esanetan, egin dituzten lan gehienak muga arkitektonikoak ezabatzera bideratuta daude. 2002. urteko Irisgarritasun planaren arabera egiten dira berrikuntza hauek, baina, Terrobak aitortu du oraindik handia dela norabide horretan egin beharreko lana.
Herriaren erdian dagoen Bazterra aretoan egiten ari dira berrikuntza horietako batzuk. Bertan, besteak beste, arrapalak jarriko dituzte eta 80 zentimetroko tartea mantenduko dute ateetan, gurpildun aulkien sarrera bermatu aldera.
Herriaren erdian kokatuta dagoenez, asko erabiltzen dute aretoa Oiongo bizilagunek. "Aurten aretoan dauden muga guztiak desagertu behar dira", nabarmendu du alkateak. "Kontraesan galanta dago bertan. Izan ere, desgaituentzat egokitutako komuna dago, baina, hala ere, gurpildun aulkiarekin hara ailegatzea ezinezkoa da gaur egun".
Ikastolako leihoak
Arroyo I frontoian ere komunak eta aldagelak egokituko dituzte. Guztira 126.812 euro bideratu dituzte zeregin horretara.
Horrez gain, San Bizente ikastolako leihoak berrituko dituzte ere. "Aspaldiko eskaera da, eta, aurten, behingoz, behar horri erantzun ahal izango diogu". Terrobak azaldutakoaren arabera, leiho horiek arras zaharkituak daude eta ez dute tenperatura ondo erregulatzen. "Eguzkia islatzen duten kristalak jarriko ditugu. Izan ere, ikastolaren alde bat mendebaldeari begira dago eta, udan, eguzkiak bete-betean jotzen duenean, bero larregi sortzen da ikasgeletan".
Orotara, 3.090.000 euroko aurrekontua da aurtengoa. Besteak beste, aurreko inbertsioetan erabilitako maileguak ordaintzera eta Udalaren eraikinak garbitzen dituen enpresaren ordainketak eguneratzera bideratuko dute beste hainbat partida. 40.000 bat euro gehiago suposatuko ditu eguneratze horrek.