alea.eus

Lapuebla de Labarcak Uztaberri Eguna ospatuko du larunbatean

Naiara Lpz de Uralde 2017-02-09 10:16   Kultura  Arabako Errioxa  Lapuebla de Labarca

Mikel Landa txirrindulari murgiarra izango da pregoilaria, ardo berria protagonista izango duen jaialdian.

 

Lapuebla de Labarcak Uztaberri Eguna ospatuko du larunbatean
Ardoa ez ezik, bisitariek erroskillak, olioa, xaboi edota eskuz egindako bestelako produktuak ere topatuko dituzte. | Alea | Ikusi handiago | Argazki originala

Larunbatean, otsailaren 11n, Uztaberri Egunaren hamahirugarren jaia ospatuko dute Lapuebla de Labarcan. "Bertaratutako guztiek zonalde honetan ekoiztutako ardo berria dastatzea nahi dugu, eta horretarako, hemengo 20 upategik beren ateak zabalduko dituzte", adierazi du Estela Martinezek, Cordoba Martinez upategiko jabeak.  

Jaia goizeko hamaiketan hasiko da herriko txokoen irekierarekin. "Bisitariek kaleetan zehar erroskilla gozoak, Eusko Labeleko olioa, xaboi naturala, mahats-muztioaz egindako postrea edota bestelako produktuak probatzeko aukera izango dute", azaldu du Martinezek. Aldi berean, Plano enparantzan, ardo botilen irekitzearen bederatzigarren lehiaketa izango dute. Gero eta harrera hobeagoa duen txapelketa honen bidez, kortxoak ateratzerakoan partaideek duten trebetasuna eta azkartasuna neurtuko dute. "Festara gerturatzen direnen artean zortzi partaidetako bi txanda desberdin jolasten dira, bata gizonezkoena, eta bestea emakumezkoena", azaldu du Martinezek, "eta jarritako botila guztiak irekitzen lehenak irabazten du".  

Landa pregoilari

Eguerdi aldera, Juanito Oiarzabal eta Alberto Zerain mendizale gasteiztarren lekukoa hartuta, Mikel Landa txindulari murgiarrak izango da aurtengo pregoia jendearen aurrean irakurtzearen arduraduna. "Azkenaldi honetan bizikleta gainean egindako ibilbide oparoa dela eta, udal korporazioak hautagai paregabea izango zela pentsatu zuen".

Dastatzeak eta bisitaldiak   

12:00etan ardo-dastatzea izango da Abra Arabako Errioxako Upategien Elkartearen eskutik, eta bukatutakoan upategien bisitaldiak hasiko dira. "Jendea upategietara joan aurretik plazan egongo den informazio gunetik pasatu beharko da, sei euroren truke kopa eta sarrera hartzeko".  

Eguerdian herri bazkaria izango dute, eta ondoren, jaiak luze iraungo du diskoteka mugikor baten laguntzaz. "Aurten egun berean inauteriak egiten ez direnez, jende gehiago gerturatzea espero dugu. Hala ere, elurrik ez egiteak ere asko lagunduko luke!".

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa