Arabako Errioxako olioari babesa emateko elkartea sortu dute

Daniel Sanz 2017ko ots. 6a, 16:54

Urtean 85.000 litro oliba-olio ekoizten dituzte Arabako Errioxan. / Alea

Ekoizleen lana indartu nahi dute, eta horretarako, besteak beste, ikastaroak antolatu dituzte.

Arabako Errioxako zenbait udal eta olio-ekoizlek elkarte bat sortzea adostu dute, bertako olioa sustatzeko. Gorka Mauleon Lantziegoko alkatea izango da sortu berri den elkarteko presidentea. Elkartea jaioberria bada ere, jadanik oso argi dakite zeintzuk izango diren  beteko dituzten gabeziak.

Mauleonek azaldu du erakunde berriak hiru helburu izango dituela. Alde batetik, ekoizleen lana indartu nahi dute. Horretarako, olio ekoizpenaren inguruko hainbat ikastaro antolatuko dituzte. Besteak beste, ekoizleek ikasiko dute olio kalitate ona nola lortu. Bestetik, Arabako Errioxako olio markak ezagutarazi nahi dituzte, jaietan edota komunikabideetan presentzia edukitzeko. Horrez gain, errotak berritu nahi dituzte. Izan ere, historikoki errotak erabili ohi zituzten olioaren ekoizpenerako, eta gaur egun nahiko zaharkiturik daude. Ondorioz, elkartearen bidez olioa ekoizten dituzten teknikak berritu nahi dituzte.

Arabako Errioxako Olio eta Olibondoaren Mahaia, Maora izenekoa, elkartearen aurreko proiektua zen. Kuadrillako udal eta olio-produktore batzuk biltzen ziren erakunde horretan, baina berez ez zen formalki elkarte bat. Horren ondorioz, arazoak zituzten diru-laguntzak eskatu edota hitzarmenak sinatu ahal izateko. Eratu berri duten elkartearekin, posible izango dute biak ala biak egin, ordea.

Hala ere, Mauleonek esan du asko dagoela egiteko. Izan ere, azaldu du elkartearen "lehen pausoak" direla, eta egitasmoa ezagutarazteko lan handia duteña. Horregatik, asmoa dute Arabako Errioxako herrietara joateko,  jendeak elkartea gertutik ezagutu dezan.

Beste ekimen batzuk

Azken urteetan hainbat ekimen jarri dituzte martxan bertako olioa ezagutzera emateko. Adibidez, urtero Arabako Errioxako oliba-olioaren jaia antolatzen dute, eta nekazariek ematen dute urteko olio uztaren berri.

Aste gutxi batzuk falta dira, gainera, aurtengo uzta biltzeko, eta olio ekoizleak datu ofizialen zain badira ere, aurreikuspenak ez dira batere onak, udazkeneko euri eskasarengatik. Batez ere, Moredan, Lantziegon eta Oionen euria faltan bota dute. Izan ere, udalerri horietan egiten dute nagusiki eskualdearen olio-ekoizpena. 

Olioa zenbakitan

Hiru herri horiek ez dira bakarrak, ordea. Orotara, Kuadrillako olioaren ekoizpenerako 120 hektarea erabiltzen dituzte. 400.000 kilo oliba biltzen dituzte urtero olioaren produkziorako eta ekoizpen prozesuaren ondoren, 85.000 litro olio lortzen dituzte. 

Ekoizpen ekologikoari dagokionez, zortzi dira Arabako Errioxan dauden oliba ekoizleak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago