Marka guztiak hautsi ditu aurtengo mahats-bilketak

Mirian Biteri 2016ko aza. 18a, 08:46

Iraila eta urriko "ezohiko" eguraldiari esker, 93 milioi kilo inguru jaso direla iragarri dute.

Errioxa Kontseilu Arautzaileak egin du dagoeneko aurtengo mahasti-bilketaren gaineko lehen balorazioa. Emaitza "oso onak" jaso direla nabarmendu du. Kalitatea eta kopuruari dagokionez, "aparta" izan dela gaineratu du.

Kopuruari dagokionez, marka guztiak hautsi dituzte aurten. Arabako Errioxan, denera, 92,9 milioi kilo mahats batu dituzte. Pasa den urteko datuekin alderatuta, iragarri dute nabarmen igoko dela ekoizpena; iaz, 89,2 milioi kilo jaso zituzten.

Kontseilu Arautzailearen arabera, irailean eta urrian egindako "ezohiko" eguraldiak eragin zuzena  izan du emaitza bikain horietan. Horrekin lotuta, honakoa azpimarratu du asteon kaleratutako oharrean: "Azken bi hilabeteotako klimatologia oso onuragarria izan da mahatsaren osasun aparta mantentzeko, eta, mahasti bakoitzak heldutasun egokia lortu duenean bilketaren aukeratze-prozesu aproposa egin ahal izateko".

Iragan urteko mahats-bilketa goiz samar hasi zen eta urriaren erdialderako bukatuta zegoen. Aurtengoaren berezitasuna, aldiz, iraupena izan da; ia bi hilabetez luzatu egin da eta.

442,4 milioi kilo

Arabako eskualdean lortutako kopuruez gain, Errioxa osoko datuen berri ere eman du Kontseilu Arautzaileak. Guztira, 442,4 milioi kilo jaso dira 62.641 hektareatan banatutako lursailetatik. Mahastien ezaugarrien inguruan, 58.016 hektareetatik ardo beltza sortzeko mahatsak hartu ziren; eta gainerako 4.625 hektareetatik, zurietarako.

Hori guztia kontuan izanda, 318,5 milioi litro ardo ekoiztuko direla aurreikusi du Kontseilu Arautzaileak. Azken emaitzak, baina, otsaila amaierarako edo martxorako izango dituzte prest.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago