alea.eus

Assa eta Bilar lotzen dituen errepidea itxi egingo dute irailaren 26an

Erredakzioa 2016-09-23 10:04   Gizartea  Arabako Errioxa

Obrak iraun bitartean, nekazariek seinaleztatutako landa bideetatik egin ahal izango dute mahats bilketa.

Datorren astelehenean, hilak 26, Assa eta Bilar lotzen dituen errepidea itxiko dute, bi zubi ordezkatzeko lanak egiteko. Inguruko nekazariek seinaleztatutako landa bideetatik egin ahal izango dute mahats bilketa. Abenduaren 23ra bitartean egongo da itxita.
 
Aldundiak duela egun batzuk hasi ditu A-3218 errepidearen trazadura hobetu eta plataforma zabaltzeko obrak, bide hori erabiltzen dutenei segurtasun eta erosotasun handiagoa eskaintzeko.
 
Arabako Errepideen Plan Integralak 6,3 kilometroko errepide hori hobetzea aurreikusten du. 3,3 milioi euro inbertituko dira lan hauetan. Sei metroko galtzada egingo dute eta lotune berri bat A-3218 errepidearen eta Bilarko sarreraren artean.
 
Lehenengo egingo diren lanetako bat izango da bi zubi ordezkatzea beste bi ur ibilbideren gainean, galtzadari zabalera handiagoa emateko eta gune horietako ur gaitasuna hobetzeko, eta lan horiek ezin dira egin ibilgailuak zirkulatzen ari diren bitartean. Hortaz, errepidea zirkulazioari itxiko zaio datorren astelehenean, hilak 26, eta itxita egongo da abenduaren 23 arte.
 
Bidea zirkulazioari mahats bilketa garaian moztuko zaio, eta foru erakundeak aurreikusi du nekazariek landa bideak erabiltzea mahatsa biltzeko. Bide horiek behar bezala seinaleztatu dira Bilarko Udalarekin elkarlanean.
 
Errepidea berriz irekitzen denean obrak egiten jarraituko dute, 19 hilabeteko gauzatze epea baitago, eta ziurrenik 2018ko udaberrian bukatuko dira.
 
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa