"Falta zitzaigun azken pausua eman eta abesti guztiak euskaraz egin ditugu"

Mikel Uralde 2016ko mar. 15a, 14:46

Ekorako E.T.S. taldeak Beldurrik ez disko berria aurkeztuko du datorren larunbatean Jimmy Jazz aretoan. Diskoa Durangoko azokan aurkeztu zuten eta orduan taldeko abeslari Iñigo Etxezarretarekin hitz egiteko aukera izan genuen Alea FM irratsaioan.

En Tol Sarmiento (E.T.S.) Ekoran sortu zen 2005. urtean. 18 urte baino gutxiago zituzten orduan eta musikaren inguruan ideia argirik ez.  Denborarekin, Euskal Herriko ska talde ezagunenetarikoa izatea lortu du boskoteak. Aurtengo Durangoko azokan haien disko berria aurkeztu zuten, Beldurrik ez, eta datorren larunbatean aurkeztuko dute Gasteizko Jimmy Jazz aretoan (Aleak sarrerak zozkatuko ditu). 

Iñigo Etxezarreta E.T.S taldeko abeslaria AleaFM irratsaioan izan zen aurreko urtarrilean.

Zeren beldur da E.T.S.?

Ezin dugu esan ez diogula ezerri beldurrik. Guztiok daukagu beldurra zerbaiti. Konturatu ginen egiten ditugun gauza gehienak beldur oinarri bat daukatela, hau da, beldurrak gure ekintzak mugitzen dituela. Ideia horrekin sortu genuen CD-aren izenburua. Azken lan honetan zazpi abestiekin zazpi beldur egoera desberdin azaldu ditugu. 

Zeintzuk dira disko berri honen nobedadeak?

Lehenik eta behin diskoa motzagoa da, zazpi abesti ditu. Bestetik, abesti guztiak euskaraz dira. Egin genuen lehenengo maketan abesti gehienak gazteleraz ziren. Hori aldatzeko saiakera handia egin dugu eta azken disko honetan falta zitzaigun azken pausu hori eman dugu. Horrez gain, abestien apaindura guztiak landu ditugu eta azkenean soinu gogorragoa edo rockeroagoa lortu dugu.  

Euskara hutsean egindako diskoa da, baina nolako esperientzia izan da kontuan hartuta taldekide guztiak ez direla euskaldunak?

Ni duela urtebete hasi nintzen euskara hutsezko diskoaren ideiarekin bueltaka. Taldekideek esaten zidaten disko guztia euskaraz egitea gehiegizkoa zela, hizkuntza berak ez zituelako taldekide guztiak definitzen. Esan bezala gehienak ez dira Euskal Herrikoak. Bat Logroñokoa da, bestea Extremadurakoa… eta azkenean kontua horrela geratu zen. Geroago, lehenengo diskoarekin Araban eta Bizkaian jotzen hasi ginen eta taldea aldatu egin zen. Haiek naturalki bizi izan dute garapen hori. Orduan haiek esan zidaten aurrera egiteko, prest zeudela euskaraz abesteko eta falta zitzaigun azken pausoa emateko.

 

Izan ere, orain taldekideren bat animatu da euskara ikastera...

Bai. Esan bezala ni naiz euskaraz ondo hitz egiteko gaiden bakarra. Baina duela bi urte taldeko bi kide hasi ziren euskaltegian. Ez ziren denbora gehiegi egon, lan asko baitzeukaten egiteko. Azkenean ikasteari utzi zioten, baina musikaren bidez talde osoa joan da euskara ikasten ere. Gaur egun bateria ezik, beste guztiak euskaraz egiten dugu. Gainera uste dut euskaraz egitea gustatzen zaiela, Euskal Herriko kultura eta bertako bizimodua erakartzen die eta horrek ere bultzada bat eman dio haien ikasketa prosezuari. Ez dute indarrik egin euskararen munduan sartzeko edo euskera ikasteko, modu natural batean gertatu da. 

 

 

 Zelakoa izan da urte hauetako ibilbidea?

Taldea zerotik hasi zen. Orain dela hamaika urte bildu ginen uda batean elkarrekin jotzeko. Momentu horretan ez genekien ia ezer musikari buruz eta urtebete eman genuen praktikatzen benetan taldea abian jarri genuen arte. Musikari dagokionez, beti kalitatea bilatzen ibili gara, gero eta gehiago hobetzeko. Disko bakoitzak pauso berri bat suposatu du. Azken disko honetan zeozer desberdina egin nahi genuen eta gure indar guztiak lanean zentratu genituen. Zentzu horretan, adibidez, aldaketak egon dira eta denbora gehiago inbertitu dugu diskoan. Nire aldetik, esaterako, gitarrari denbora gehiago dedikatu diot eta bestelako gauzak egin ditut soinu desberdina lortzeko. Gero ere estudioz aldatu dugu eta orokorrean gauza asko egin ditugu desberdintasun hori lortzeko. Emaitzarekin oso pozik gaude. 

 

Iaz Gasteizko jaietan Foru plazan jotzeko aukera izan zenuten. Bertigoa sentitu al zenuten orduan?

Nik pertsonalki duela bi urte sentitu nuen beldur handia. Garai horretan taldeak aldaketa handiak jasan zituen. Herri txikietan jotzetik, Errioxatik kanpoko beste herri eta hirietara jotzera pasatu ginen. Orain dela hiru urte, lehenengo diskoarekin, taldea aurrera zihoala ikusi genuen. Etorkizunak beldurra ematen zidan.

Nola egiten zaio aurre beldur horri?

Negar egiten. Azkenean oinark lurrean izan behar dituzu eta bizitza normal bat eraman Lanarekin jarraituz, gorputza berriro orekatzen da eta normaltasunera bueltatzen zara.

 

Zelan daramazue fan fenomenoa?

Oso garrantzitsua da gaur egungo taldeetan jarraitzaileekin harremana izatea sare sozialen bidez. Nik sare sozialak ez ditut eramaten. Gasteizen bizi naizenez gauzak desberdin bizi ditut, hemendik kanpo bizi diren beste taldekideekin konparatuz. Adibidez, niri familiak eta lagunek beti ateratzen didate taldearen gaia. Hasieran izan nuen beldur horrekin ez zitzaidan gehiegi gustatzen taldeari buruz hitz egitea, etorkizuna beldurra ematen zidalako. Baina orain naturaltasunez hitz egiten dut eta ez daukat inolako lotsarik azaltzeko daukagun bizitza eta taldearen egoera. 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide