Anari

"Artistikoki, derrigor mugitu behar duzu beste leku batera"

Erredakzioa 2024ko api. 21a, 08:00
Elkarrizketarekin batera, 'Giza zarata' laneko zenbait kanta abestu ditu Liburutopian. Argazkia: Dospordos

Ia zazpi urteko disko-etenaldiaren ostean, 'Giza zarata' lan berria du esku artean Anarik. Jon Basaguren musikariarekin batera, hamar kantuko lana aletu du Gasteizko Liburutopia liburu dendan.

Giza zarata zazpigarren diskoa kaleratu berri, Eva Forest Liburutopian izan da Anari Alberdi (Azkoitia, 1970) lana aurkezten, Jon Basaguren (Gasteiz, 1984) musikariak gidatutako solasaldian.

2018an elkartu ginen Durangoko Azokan, eta esan zenidan presa sartzen hasia zitzaizula kantak egiteko. Gero konturatu naiz bederatzi urte pasa direla 'Zure aurrekari penalak' diskotik...

Epilogo bat etorri zen gero, Gari eta goroldiozko liburua, ez-denbora bat pandemia garaian... Baina egia da lan prozesua luzea dela; gaur ez, baina herenegun agian zerbait idatzi nuen edo mobilean melodia bat grabatu nuen, eta horrek esan nahi du beti ari garela prozesuan. Gogorra da disko bat grabatzea, eta guri behintzat luzatu egiten zaigu; eta niri ere gustatzen zait disko eta disko artean denbora ematea. Halere, Habiak diskotik aurrera disko osoa batera idatzi dut beti, denbora tarte batean, ezingo nuke orain dela lau urteko abesti bat orain grabatu. Badago une bat gakoa dena, disko bat egitera eramaten zaituena; nik beti egon behar dut oso identifikatuta egin ditudan azken abestiekin, eta orain, eskerrak, pila bat identifikatzen naiz orain dela hilabete atera diren abesti hauekin, eta ez hainbeste beste batzuekin. Abesten ari zarenean inpostorearen sindromea sentitzen baduzu, jada abesti horretan ez zaudenean, nik behintzat jotzeari utzi behar diot, makinak geratu. Hori gakoa da: erretiratu egingo naiz edo beste disko bat egingo dut; eta bigarren aukera izan da, oraingoan ere.

Zorionez! Lan honekin aldaketen bila jo duzula esan izan duzu. Kantuen aurrean bertigoa sentitu behar zenuela, energia berreskuratzeko.

Bai. Gero hau beti gertatzen da subjektiboki oso potentea dela barrutik, eta ez dakit kanpotik hainbeste. Kontinete zaharra kantuan, adibidez, uste dut aldaketa argi ikusten dela. Munduari su emateko gogoa sartzen zaizu, eta zigarro bat pizten duzu... Ni ez naiz erretzailea eta ez naiz inoiz izan, baina nik erre dezaket nire disko batean? Galdera hori egin eta zigarro hori piztea erabaki nuen momentuan, esango nuke narratiboki gauza asko piztu zirela. Norbaitentzat txorrada izango da, baina niretzat hori arrisku handi bat da; beste leku batetik ihes egiteko, nire burua beste era batera kokatzeko... Aldaketa bada, eta zer esanik ez diskoa arreglatzeko orduan edo kantatzeko orduan.

"Abesti eder bat egin dezakezu, baina disko batek egiten duen bidaia beste zerbait da"

Grabatzerako orduan, kantak sortzerako orduan... Non egon dira aldaketa gehiago?

Niretzat behintzat ez da erraza beste zerbait edo beste nonbaitetik idazten hastea, eta lehenengo gauza zure buruarentzat sinesgarria izatea da. Iruditzen zait, adibidez, Vesna Vulovic bezalako abesti bat egitera iritsi egin behar duzula, ezin duzula salto bat egin; errekan errekarriak behar dituzu pasatzeko. Ibilbide bat dela uste dut. Hitzetan pasatu dut erreka hori eta sentitu dut bide bat igarota iritsi naizela horra, seguru asko liburua idatzi ondoren ere. Eta, bestalde, abestiak akustikarekin etxean egiten dituzu eta mila aukera dauzkazu abesti horiek janzteko, produzitzeko edota abesti pop bat izatetik abesti punk bat izateko... Hautu estetikoei dagokionez, besteak beste, grabazioa eta produkzioa Joaquin Pascualekin eta Paco Locorekin egitea badira aukera batzuk. Aukera desberdinen gehiketa bat da.

'Troiako zaldia' kantuko ilargia Lars von Trierren 'Melancholia' ilargia izan zitekeen... 

Whatsappeko apunteetan oso gogoan daukat superilargia deitzen den ilargi hori apuntatu nuela, beherantza tira egiten duen ilargi hori, etxeko balkoian nengoela atera zena. Eta irudi horrek eraman ninduen Lars von Trierren film horretara. Txispa moduko bat egiten dizu melankoliarekin. Banetorren euforia eta kulpatik, kokaina, prozaca... Ziurrenik ilargia ateratzeko moduak eta Troiako Zaldiak badute antzekotasunik, eta gero norberak beteko dio zaldiari tripa bere gauzekin...

Jon Basaguren musikariak gidatu du Liburutopiak eta Aleak antolatutako solasaldia. Argazkia: Dospordos

Menpekotasuna, noraezean dabilen jendea, dekadentzia... Gizarteari begira egindako diskoa da hau, eta ez horrenbeste intimoa? Beste batzuk baziren beharbada barrura begira...

Bai, dudarik gabe. Eta norberari begiratuta ere, beste leku batetik begiratuta. Abesti batekin alineatuta ez zaudenean, lehen aipatu bezala, pixka bat pereza ematen zidan horrek, intimitate horrek. Ez neukan gogorik horretarako. Eta, bestalde, behar bat zegoen, lehenagotik ere banekarrena; uste dut jada Zure aurrekari penalak-en behintzat  lexiko aldetik bazegoela baita bilatze bat... Bestalde, ona da disko eta disko artean halako kanta suelto batzuk egitea, zeure burua sinesteko beste testu batzuetan ere. Adibidez, Sarrionandiaren Lagun izoztuaren abesti bat egin eta harritzen ninduen ze eroso nengoen hitz hauetan. Eta, zer esanik ez, Vinu, Cantares y Amor kantarekin. Horrek ere eman ninduen beste ikuspegi bat. Eta bilaketa bat dago. Uste dut, seguru asko, garaiaren kontzeptu desberdinen gurutzaketa bat dagoela horretan: garaia, adina, eta baita ibilbide bat ere, uste dut ibilbide luze baten emaitza dela hau. Artistikoki derrigor mugitu behar duzu beste leku batera. Ezin da leku berean egon, nahita ere. Publikoak beti nahi du aurreko diskoa berriz, baina ezin duzu egin berriz, ezinezkoa da, eta gainera nik ez dut nahi... Beti defenditzen dut leku berean egoteko mugitu egin behar dela, eta nire barruan gehien errekonozitzen dudan lekua arriskua da, beste zerbait da, beste buelta bat, edo beste zerbait. Eta azkenean horrek denak eraman ninduen hona, eta orain oso eroso nago abesti horietan.

Aldaketak aipatu ditugu, baina badaude aurreko kantu batzuekin loturak ere. Adibidez, 'Ez nengoen han', plano sekuentzia modukoa eginez, 'Efemerideak' moduko kanta bat gogoratu dit.

Bai. Uste dut narrazio puntu hori banekarrela liburutik ere. Batzuetan poesia, kanta edo bertsoan, laburra den forma batean, badago harri bat, zuk botatzen duzun harri bat, eta inguruan beste kantu batzuk sortzen dituena, uhinak sortzen dituen. Honetan baneukan Glovoko kaxa hori bat, eta, beraz, esajeratuta esango nuke kaxa horri disko osoa egin diodala ia, eta esajeratu gabe abesti hori. Argi neukan abesti narratibo bat nahi nuela, geratu gabe, tonoz salto egiten zuena, eta kontatzen ari zenarekin ere nahasten zena... Asko kostatu zitzaidan abesti hau idaztea, bukatutzat ematea.

"Disko honetan abestiak bizirik harrapatzen saiatu naiz, eta nabari dela uste dut"

'Kontinente zaharra' kantan, aldiz, Europaz, ez da oso irudi polita irudikatzen duzuna...

Ez. Patetikoak gara; batzuk besteak baino gehiago. Balirudike igual-igual dela Abascal edo gu, eta ez da egia, baina hor bizi gara. Zu demagun Hendaiako hondartzan zaudela,  zilar koloreko arrats batean, eta sentitzen duzu itsasoak ematen dizun halako amaigabetasun hori; eta, bueno, bi kale atzerago hor dabiltza ezin pasatu, ezin joan, ezin bidaiatu nahi duten lekura, guk ahal dugun bezala. Egia esan, korapilo bat izan nuen abesti honetan; tipula baten moduan ikusten nuen, eta erdian gure intimitatearen bunkerra zegoen, geruza desberdinekin zabaltzen joaten zena. Baina ataskatuta nengoen, gero bunkerrari buruzko abesti bat egin nahi nuelako, non ez gauden salbu, bizitzak berarekin dakartzan kontuak ere sartzen edo sortzen zaizkigulako guk nahi ez badugu ere... eta hor konturatu nintzen, klik moduko bat egin zidan orduan, Bunkerra hurrengo kanta izango zela, ez hau. 

'Kontinente zaharra' kanta amaitzen da "gure intimitatearen bunkerrean" eta jarraian 'Bunkerra I' hasten da "baina ez gaude erabat salbu" esaldiarekin, musika aldetik zerikusirik ez duten abestiak; bata punkienetako bat, eta biluzia bestea...

Nire taldeko pare batek ez zuen xentimorik ematen hori zuzenean egiteko kapaz izango nintzenik... Niretzat oso potentea zen kontraste hori. Askotan gertatzen da abestia anestesiatu egiten dugula grabatzen dugun momenturako. Ez zait gustatzen hain dominatuta ditudan abestiak grabatzea, eta disko honetan saiatu naiz abestia bizirik harrapatzen, eta hori sentitu zedin entzuteko garaian. Uste dut nabaritzen dela. Apustua izan da abestia harrapatzea bere zera horretan.

'Vesna Vulovic' pertsonaia erakutsi diguzue lan honetan, ereserki bilakatu dena. Jendea jada kantatzen ari da leloa. Nondik ateratzen da halako kanta bat?

Baneukan argi nire bizi momentutik futitzen naizen abesti izango zela, autoironia bat, tono hori izango zuela. Eta orduan ikusi nuen bizitzako kolperik handiena jasan duen emakume serbiarra... Aurkitu egiten dituzu kantu horiek, zeuk ere ez zenekien abesti hori aurkituko zenuenik. Nik defenditzen dut disko batean elkarrekin egon daitezkeen hamar kantu, hilabeteetan barna sinets dezakezuna; hori niretzat izugarrizko bidaia da. Igual abesti eder bat edo bi egin ditzakezu, baina disko batek eskatzen duen bidaia luze eta sakona beste zerbait da. Hor bilatu egiten duzu. Liburuak idaztea bezala, hainbeste denbora pasa behar duzu horretan. Horrela definituko nuke nire disko bakoitza, beti tortura bat dena grabatzea eta prozesu guztia.

Esana duzu kantu batzuetara ez zinakeela iritsiko bestela. Single moduan grabatuz gero...

Sekula ez. Eta kostatu zait erantzun hau ematen nire buruari. Izan ere, oraingo logika singlea da; abesti bat dut eta hori grabatuko dut. Nik artistikoki eta artista bezala uste dut halako obra handi batean sartzea auto-exijentziaren maximoa dela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide