Artiumen da 'El ingenio revolucionario' obra

Erredakzioa 2024ko api. 16a, 13:41
'El ingenio revolucionario' margolana. Irudia: Artium

Museoak Alejandro Garmendiaren artelan hau jaso du dohaintzan Julian Schnabel eta Gill Connonen eskutik. 

Artiumek Alejandro Garmendiaren (Donostia, 1960-2017) El ingenio revolucionario artelana jaso du dohaintzan, hainbat proiektutan lankide izan zuen Julian Schnabel artista eta zinemagilearen eta Garmendiaren bikote-lagun Gill Connonen ekimenez. Neurri handiko pieza da, mihise gainean argazki-emultsioz egina, eta artistaren lanaren zati handi bateko alegiazko espazio arkitektonikoetako bat irudikatzen du.

El ingenio revolucionario margolanak osatu egiten du nazioartean ezaguna den euskal artista honen presentzia museoaren bilduman. Collage, marrazki, argazki eta grabatuaren erabilera esperimentala eta asmatzailea da Garmendiaren ekoizpenaren ezaugarri nagusia. Arkitektura eta paisaia funtsezko gaiak dira demokraziaren etorrerak ekarri zuen kultura-eszenaren berrikuntzaren parte izan zen artista honen obran. Hauek izan ziren artistaren ibilbidea markatu zuten hiriak: Paris, non 1974ra arte bizi izan baitzen, Donostia, Bilbo, Madril, Edinburgo, New York, non hamar urtez lan egin baitzuen, eta Hendaia, non ezarri baitzuen bere bizilekua 2005ean.

Alejandro Garmendia 90eko hamarkadan hasi zen esperimentatzen argazki-emultsioarekin eta kamera ilunarekin, formatu handiko lanak ekoizteko. El ingenio revolucionario teknika horrekin egina dago. Izenburu bera duen eskultura irudian lehen planoan agertzen den objektuaren irudikapen bat da, mahai baten eta argi-armiarma baten arteko hibrido bat. Eskultura hori 2023an erosi zuen Artiumek bere ondare-funtserako. Ordurako Garmendiaren hasierako hiru margolan zituen: París-Mayo (1991), 1992an erosia, eta Descubrimientos de Bertho Mao (1987) eta Inundación (1989).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide