EAEn alkoholdun edariak ekoizten dituzten zentroei bideratutako informazio kanpaina abiatu du Osalanek. Horren bitartez, bafada edo tufo izenez ezagutu ohi diren karbono dioxido bidezko intoxikazioek eragindako istripuei aurre egin nahi diete.
Jaurlaritzaren hitzetan, kanpainaren helburua da upategietako "depositu eta barne esparruetan tufoa egoteak eragindako asfixia istripu larriak eta hilgarriak prebenitzea". Euskadipreben 2019-2025 Estrategia izenekoaren barruan kokatu dute ekimena.
EAEko hiru lurraldeetako upategi, sagardotegi, garagardotegi eta txakolin ekoizle guztiei bideratu diete informazioa. 560 bat zentrori, orotara.
Kartelak, liburuxkak eta bideoak erabili dituzte. Kanpainaren material nagusienak euskaraz eta gazteleraz egon arren, langileei bideratutako informazioa hainbat hizkuntzatan jarri dute: euskara, gaztelania, portugesa, frantsesa, errumaniera, arabiera, eta ingelesez.
Intoxikazio horien abiapuntua ezagutarazteaz gain, "balizko biktimak erreskatatzeko eta artatzeko prebentzio neurriak eta oinarrizko nozioak" aurkeztu dituzte material horietan.
Iazko urrian jazo zen azken istripu hilgarria Araban. Orduan, Lantziegon bi langile hil ziren, eta hirugarren bat zaurituta eraman behar izan zuten. Une horretan, hainbat sindikatu eta eragilek halako istripuak saihesteko neurri zehatzak galdegin zituzten; besteak beste, protokolo eta ikuskaritza zorrotzagoak ezartzea, edota diru laguntzak ematea aireztatzeko sistemak hobetzeko, eroritako langileak erreskatatze aldera arnas sistema autonomoak erosteko zein karbono dioxidoa detektatzeko gailuak ezartzeko.