Mendi lasterketak mugatzeko dekretua onartu nahi du Foru Aldundiak

Erredakzioa 2024ko api. 9a, 17:47
Mendi lasterketen masifikazioa eten nahi du aldundiak. ALEA

Fenomeno masifikatua bilakatu direla ohartarazi dute, eta eragin negatiboa izan dezaketela ingurumenean. Araban ez dago gai horri buruzko lehenagoko araudirik.

Aldez aurreko kontsultan jarri du Arabako Foru Aldundiak mendi lasterketak eta ingurune naturalak erabiliz praktikatzen diren kirol jarduerak mugatzeko proiektua. Lehen urratsa da dekretua onartu aurretik; eta kontsulta horretan, iritzia azaltzeko eskatzen zaie etorkizuneko arauaren eragina jaso lezaketen herritarrei eta erakundeei.

Herritarrek, erakundeek eta elkarteek gaiari buruz duten iritzia adierazi ahal izango dute apirilaren 19ra arte, aurrezkontsultak@araba.eus helbidean.

Mendiko lasterketak eta mota horretako kirol proben masifikazioak eragiten duten kaltea da ekimenaren atzean dagoen arrazoi nagusia:  "Azken hamarkadetan nabarmen hazi da naturaguneetara era guztietako jarduerak egitera joaten diren pertsonen kopurua, kirol jarduerek gero eta garrantzi handiagoa baitute bertan. Mendi lasterketen kasu zehatzari dagokienez, duela urte batzuetatik hona fenomeno masifikatua bilakatu dira askotan, eta horrek eragin negatiboa izan dezake espazio, mendi, enklabe edo espezie jakin batzuen kontserbazioan".

Mendiko lasterketak mugatzeko dekretuaren helburua kirol jarduerek natura inguruneko natura baliabideetan izan ditzaketen inpaktuak minimizatzea da; eta kirol edo aisialdi jarduera kolektiboak lurraldeko beste erabilera batzuekin eta natura ondarearen kontserbazioarekin bateragarri egitea.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide