Egungo trantsizio energetikoaren agendarekin kezkatuta, hainbat lagunek eta elkartek manifestu bat idatzi eta sinatu dute, Euskal Herrian egitekoak diren proiektu berriztagarri handien aurka. Europako eta Euskal Herriko administrazioek bultzatzen dituzten legeek "egungo larrialdiei erantzun beharrean, krisi ekologiko eta sozial honetara eraman gaituzten mekanismo berberetan sakontzen" dutela uste dute; eta egoerari buelta emateko hamar puntuko proposamen bat egin dute.
Sinatzaileen artean daude Evaristo Paramos abeslaria, Juan Ibarrondo Portilla idazlea, Miren Narbaiza musikaria, Oihane Perea bertsolaria, Mati Iturralde mediku jubilatua, Edorta Alonso ekonomilaria edo Soziedad Alkoholika musika taldea. Adierazi dute "premiazko" eztabaida piztu nahi dutela manifestuaren bidez, trantsizio energetiko "faltsua" zalantzan jartzeko. Bestalde, beharrezkotzat jo dute eraldaketa sozioekonomiko bat egitea, baliabide berriztagarriak beste modu batean zabaltzeko.
Manifestua, sinatzaileen zerrenda osoa eta herritar guztiek ere sinatzeko aukera ere zabaldu dute https://megaproiektumanifestua.blogspot.com/ webgunean.