Kepa Urigoitia

"Gure asistentzia eredua errotik aldatu behar dugu"

Anakoz Amenabar 2024ko mar. 22a, 07:16
Kepa Urigoitia, Arabako Medikuen Elkargoak duen egoitzan. Argazkia: A. Amenabar / ALEA

Arabako Medikuen Elkargo Ofizialak (ICOMA) kanpaina bat jarri du abian "medikurik gabe" osasun-zentroetan artatzeak dituen ondorioez eta arriskuez ohartarazteko, eta osasun administrazioen "planifikazio falta" salatzeko. Elkargoaren 125 urteetako ibilbideaz eta dituen erronkez aritu da Kepa Urigoitia ALEArekin.  

Hauteskunde gai nagusietako bat bilakatu aurretik, Arabako Medikuen Elkargotik (Icoma) maiz ohartarazi diete osasun administrazioei medikuen errelebo faltari aurre egiteko "baliabideak planifikatu" behar direla. Oraingoan kalera atera dute kezka Medikurik gabe ez dago medikuntzarik kanpainarekin. Elkargoak duen erronka nagusietako bat da, Kepa Urigoitia (Donostia, 1953) presidenteak azaldu duenez, eta gaia "sakon aztertzeko" galdegin die alorreko arduradunei.     

125 urte bete ditu Arabako Medikuen Elkargoak.  Zergatik da beharrezkoa oraindik honen lana?

Lanbidea kontrolatu ahal izateko, profesionalak kontrolatu ahal izateko eta herritarren beharrak asetu ahal izateko, independentzia beharrezkoa da, ezin da aldi berean epaitu eta epaile izan. Elkargoek independentzia behar dute, eta hori mantentzen saiatzen gara aspalditik; botere politiko, ekonomiko eta erlijiosoetatik kanpo. Elkargorik ez balego, norbaitek hartu beharko luke lan hori, eta garaian garaiko gobernua litzateke; gobernuaren araberako erabakien esku egongo ginateke. Medikuen lanak eta ofizioak berak irizpide ekonomiko, politiko eta erlijioso horietatik kanpo egon behar dute.

Administrazioarekin nolako harremana duzue?

Diplomatikoki, esan dezagun, ondo. Funtseko gaietan oso gutxi izan dute kontuan gure iritzia, konpontzeke dagoen ikasgaia da hori, eta espero dut hala izatea. Gobernatzen duenaren arabera, oso modu desberdinetan begiratzen digute, unean uneko interesen mende; kolaboratzaile gisa batzuetan eta ez hain ondo bestetan, ofizioaren alde edo elkargokideen alde gogoko ez dituzten gauzak esaten ditugunean.   

"Orain hartzen den edozein neurrik ez du berehalako emaitzarik izango"

Nolako osasuna du Icomak une honetan?

Bikaina. 125 urte baditu ere, ez dago batere zahartuta, lehen egunean bezain gazte dago, eta orduko ilusio berarekin. Hasierako printzipio haiei eusten die, medikuen lanaren kontrola izatea; orduan, esaterako, mediku titulua izatea zaintzen zuten, berritsu asko baitzegoen tartean. Garrantzitsua da gaur egun hori ere, formazioa bermatzea eta mantentzea, etengabeko prestakuntza bermatzea; eta hori indartzen ari gara, gure eginbeharra delako, etika eta deontologia profesionala zaintzearekin batera. Jakina, urteetan hori mantendu izanak ez du esan nahi geldirik gaudenik, ez; garaietara egokitzen joan gara, eta gertatzen diren aldaketetara egokitzen jarraitu beharko dugu. 

Eta medikuen osasuna nolakoa da?

"Osasuna" hitza nola interpretatzen dudan, gauza asko esan diezazuket. Ezagutzari dagokionez, osasun bikaina da, ezagutzak abiadura izugarrian doazelako; inoiz baino hobeto prestatuta daude. Horrek ahalegin bat eskatzen du, ez baita bakarrik lanean egotea, baizik eta aipatzen genuen etengabeko prestakuntza horretan saiatzea. Eta egungo gainkarga baldintzetan, egungo eskakizun baldintzetan, gainkarga eta profesional gabeziaren ondorioz, baliteke osasun mentala osasun zientifikoa bezain ona ez izatea. Jakina, honek ondorio batzuk dakartza. Eta gainkarga horren eraginez, asko ilusioa galtzen ari dira profesioarekin.

Noiztik dator gainkarga hori? Pandemia garaitik?

Aspalditik nabaritzen ari gara, profesional faltaren gai hau ez baita berria, urte asko daramatza. Administrazioak duela urte asko ezagutu zuen arazoa, eta ez zaio konponbide bat jarri. Pandemia iritsi zen, eta sistemak zituen pitzadura guztiak agerian geratu ziren; zauri horiek azalera atera ziren eta profesionalek oso gaizki pasa zuten. Ahal izan zuten moduan eutsi zioten, baina pandemia igaro denean albo-ondorioak agertzen hasten dira. Eta, une honetan, ondorioak pairatzeaz gainera, indartu egin ez diren hainbat kategoriarekiko interesa are eskasagoa da jende askorentzat; batez ere, lehen arretaz ari naiz. Gizartea, bestalde, aldatu egin da, eta MIR azterketaren ondorengo espezialitate hautaketei erreparatzen badiegu, ikasleen irizpideak aldatu direla ikusiko dugu; orain, nota onenak dituzten medikuek dermatologia moduko espezialitateetara jotzen dute, familia eta lana bateratzeko aukera ematen dielako eta guardiak egin behar ez dituztelako; lehen mailako arreta ez da hain gustagarria, eta plazak bete gabe geratzen ari dira.

Bosgarren agintaldia du Kepa Urigoitiak Icoman. Argazkia: A. Amenabar/ ALEA

24 orduko guardiekin amaitzeko neurriak entzuten dira kanpainako mezuen artean...

Kontu zaharra da. 1960 eta 1970 hamarkadetan bi sistema proposatzen ziren: guardiak edo txandak. Orduan guardien aldeko hautua egin zen, eta poliki-poliki zenbait zerbitzutan hauek aldatzen joan dira txandak jarri direlako. Lehen arretak, noski, goizeko eta arratsaldeko txandak ditu aspaldi. Guztietan txandak ezarriko dituztela? Ez dakit, gauza asko berrikusi behar dira horretarako; besteak beste, medikuen baldintza ekonomikoak; mediku batek guardiengatik kobratzen duena bere soldataren osagarri garrantzitsu bat da, eta hori kentzen bazaio are interes gutxiago izan dezake lan horrek. Gauza asko daude aztertzeko eta mahai gainean jartzeko, guardiak edo txandak aukeratu aurretik.      

Zifra kontua da mediku faltaren arazoa?

Gauza asko dira. Baina, une honetan, herrialde honetan medikuei egiten zaien aitortza eskasa da, gure inguruko herrialde batzuetan egiten zaien aintzatespena kontuan hartuta; errekonozimendu administratibo eta sozialei buruz ari naiz. Eta aintzatespen ekonomikoez ari bagara, hurbileko herrialdeak Espainiako profesionalen soldata hirukoizten edo laukoizten ari dira. Herrialde horiek profesionalak eramaten ari dira, alde egiten ari dira, batik bat familiagatik leku zehatz batera lotuta ez dauden profesionalak, eta gaur egun denek hizkuntzak menperatzen dituztela kontuan hartuta... Ekonomikoa baldintza garrantzitsua da.

"Erabat konbentzituta nago publiko eta pribatuaren arteko elkarlanaren beharraz"

Landa eremuan gehiago nabaritzen da falta hori?

Jakina, lanpostu zailagoak dira betetzeko. Landa ingurunea ez da erakargarria jende askorentzat. Lehen mailako arreta sustatu ez den bezala, plaza horiek ez dituzte erakargarri egin, ez dira behar bezala baloratu lehen mailako arretako medikuak, eta are gutxiago landa inguruneko lehen mailako arretako profesionalak, eta, noski, horrek ondorio batzuk ditu.

Pazientearen eta medikuaren arteko harremana nolakoa da gaur egun?

Azken urteetan medikuak denbora gutxiago izan du. Eta jarduera medikoak badu alde zientifiko bat, eta baita humanista bat ere. Alde zientifikoa ez da murriztu, baina alde humanoak denbora behar du, eta denbora hori gabe zaila da egotea. Ezin dugu esan enpatia edo harreman hori murriztu denik medikuaren erruz, baizik eta denbora faltagatik kasu batzuetan.

'Medikurik gabe ez dago medikuntzarik' dio Arabako Mediku Elkargoaren azkeneko kanpainak.

Pellokeria itxura izan dezake kanpainak, baina hala da, medikurik gabe ez dago medikuntzarik. Aspaldi administrazioari eman genion abisu bat da. Zer dugun eta zer behar dugun aztertu behar da; aspaldi egin behar zen, eta orain korrika egiteak ez dakar konponbide onik. Kontuan hartu 11 edo 12 urte bitartean behar ditugula mediku bat prestatzeko, eta, beraz, orain hartzen den edozein neurrik ez duela berehalako emaitzarik izango. Espezialitatean sartu ezinik geratzen diren lagun asko ditugu, eta sistema publikoan  jarduteko espezialitatea beharrezkoa da; medikuak prestatzen ditugu, baina ez dugu espezialistarik prestatzen, eta jakina, defizit bat dugu. Duela gutxi egindako azterlan baten arabera, 2021.etik 2025era ia 10.000 ikasle aterako dira fakultateetatik, familia medikuntzan, eta  denbora-tarte horretan 12.600 inguruk erretiroa hartuko dute; hau da, datorren urtean Espainia osoan 2.600 inguru faltako dira lehen mailako arretan. Zerbait ez dugu ondo egin.

"Herrialde honetan medikuei egiten zaien aitortza eskasa da; alde egiten ari dira"

Erronka nagusiena hori da, beraz?

Gure asistentzia eredua errotik aldatu behar dugu, buelta eman. Horretarako sakon aztertu behar da, eta profesionalen iritzia kontuan hartu. Pandemian izan genuen horren adibidea; burua atera ahal izan bagenuen, ez zen izan goitik eman ziren argibideengatik, beheko profesionalengatik baizik; oso gauza ona egin zuten agintariek orduan, beheko profesionalen beharrak zeintzuk ziren entzun zuten, eta nahi izan zuten moduan antolatzen utzi zieten. Profesional falta horri nola aurre egiten diogun aztertu behar dugu. Gehienetan, politikariek epe laburreko ikuspegia dute; lau urterako datoz, eta nabarmentzen den zerbait egin behar dute. "Goazen txandak jartzera! Guardiak jar ditzagun! Igo 10 euro soldata!". Elkargoan beharrezko aldaketarako neurri sendo batzuk planteatu ziren, baina ez diete heldu.

Pribatua ote da arazoaren parte?

Medikuntza pribatua deabrutzen dutenen aldean, ni defendatzaile sutsua naiz. Eta erabat konbentzituta nago elkarlaneko bizikidetzaren beharraz, medikuntza pribatuaren eta publikoaren arteko lanaz. Une honetan medikuntza pribatua desagertuko balitz, sistema kolapsatu egingo litzateke. Medikuntza pribatuaren etsai nagusienak ere kalera aterako lirateke orduan.

Publikoa behar beste indartu ez delako, beharbada?

Zure ustez, une honetan pribatuan egin diren inbertsioak onar al ditzake sistemak? Ez al da errentagarriagoa inbertsio horiek erabili ahal izatea? Hemen gizarte-segurantza hartu zenean %70 (publikoa) eta %30 (pribatua) arteko lankidetzaz hitz egiten zen, eta Katalunian kontrakoa zen, %30 eta %70, eta hala funtzionatzen jarraitzen dute.

Zer portzentaje da egokia, zure ustez?

Ez dut portzentaje idealik. Ez dut uste medikuntza publikoa alde batera utzi behar denik eta inbertitu behar ez denik, ez, noski. Inbertitzen jarraitu behar da, ahal den heinean, eta beraz, portzentajea aldakorra da. Herritarrek merezi duten osasun zerbitzua eskaintzeko adinakoa izan  beharko luke inbertsio horrek. Baina beste modu batera iritsi ezin den ataletan, medikuntza publikoak ez du zalantzarik izan behar pribatuak eskaintzen dituenak hartzeko.

Bien bitartean, adimen artifiziala ere heldu da...

Uste dut aliatua izango dela, baina hasi berri den guztiak arriskuak ditu, eta, gainera, guztion aldetik egokitzapena eskatzen du. Adimen artifiziala medikuntzan ere gutxi barru nabarmena izango dela uste dut. Duela lau bat urte irakurri nuen txinatarrek badituztela beren makinatxoak pazienteak artatzeko; galderei erantzun, eta medikuak egiten duen gauza bera egiten du; azken batean, medikuak sintoma eta datu kliniko batzuk lotzen ditu, eta, horretan oinarrituta, hainbat gaixotasunen diagnostiko diferentziala egiten du. Iritsiko al gara horretara? Iritsiko balitz, zientzia litzateke, baina medikuntza ez; giza faktorea ezinbestekoa du medikuntzak. Enpatia faltako litzateke, hauetan ahots artifizial batek lasai egoteko eskatzen badizu ere. Noski, eremu batzuetan asko lagunduko du, kontsultetako hainbat zereginetan dudarik gabe. Etorkizunerako erronka asko ditugu. Klima aldaketa ere badugu; pauso batzuk eman ditugun arren, egunean jarri behar dugu denok, profesionaletatik hasi eta hiritarretaraino

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide