Iker Samaniego gasteiztarraren gorpua aurkitu dute Kolonbiako Barranquilla hirian, indarkeria zantzuekin. Hiri horretako Simon Bolivar auzoan bizi zen 33 urteko gaztea, eta uneotan haren heriotzaren zioak ikertzen ari da hiriko Polizia.
Bertako hedabideek zabaldutako informazioaren arabera, gaztea ezaguna zen auzoan, eta auzokideek igande arratsaldean ikusi zuten azken aldiz. Informazio horien arabera, astelehenean auzokideei arraro egin zitzaien gaztea ez ikustea, eta etxera deitzean erantzuten ez zuenez, abisua eman zioten etxebizitzaren jabeari.
Zabaldutako bertsioaren arabera, etxebizitzaren jabea indarrez sartu zen etxean hainbat auzokiderekin, eta une horretan gaztearen gorpua aurkitu zuten, aurpegian zauri bat eta lepoan hainbat urradura zituela.