Eragiteko janzten

Eraberrituta dator Eragiteko Janzten

Erredakzioa 2024ko mar. 14a, 06:00
Orain arteko formatu presentziala digitalera pasako dute, elkarrizketa arinagoekin. Argazkia: ALEA

Arlo digitalean jarriko dute fokua edizio berrian. Hamar ikus-entzunezkoren bidez ahaleginduko dira beste horrenbeste eragilek euskaren inguruan dituzten mezuak eta gogoetak zabaltzen.

Abiatzear da Eragiteko Janzten ekimenaren aurtengo edizioa, eta oraingoan, aurreko edizioekin alderatuz, "zeharo ezberdina izango da forma eta moduetan", ekimenaren sustatzaileek aurreratu dutenez. Hala, aurreko urteetan erabilitako formatua alde batera utzi eta arlo digitalean jarri nahi izan dute indarra oraingoan. Modu honetan, publiko berrietara iritsi nahi dute, Euskaltzaleen Topaguneak, GEU eta Lazarraga elkarteek eta ALEAk urtez urte antolatutako zikloaren formatu berriak "ahalik eta oihartzun zabalena" izan dezan.

Hortaz, euskarri bezala ikus-entzunezko edukiak erabiliko dituzte, eta medio digitalen bitartez egingo dute zabalpena. Egungo kontsumo ohitura berrietara egokituz, formatu "arin eta freskoagoak" bilatuko dituzte, luzera motz edo ertaineko bideo piezak ekoitziz. Grabaketak hasi dituzte honezkero, eta, Korrikaren etorrerarekin batera, aurki da zabaltzekoa aurrena.

Arlo ezberdinetan jarduten duten eragileetako ordezkariek parte hartuko dute bideoetan, bi eragileren arteko elkarrizketa arinekin. Gasteizen eragile asko daudela aintzat izanda, antolatzaileek laginketa bat egin behar izan dute, euskararen inguruan ahalik eta ikuspegi zabalena jasotzeko. Edizio honetan parte hartuko dutenak hauek izango dira: AEK, Oreka IT, Bai Euskarari, Zabalgana Euskara Taldea (ZET), Gasteizko euskara zerbitzua, GEU elkartea, Txagorritxuko ZIZTA euskara taldea, Aldaiaberri Guraso Elkartea, Gaztedi Rugby Taldea eta Lazarraga elkartea.

Helburu nagusia ez da aldatu: Gasteizko eta Arabako euskaltzaleen "elkar ezagutza areagotzea", bide horretan "sinergia eta elkarlan eraginkorrerako aukerak zabaltzeko". Horrekin batera, euskararen normalizazioan egiten duten eragileen lana jaso, ikusarazi eta komunikatu nahi dute, bai eta ohikoa ez den "publiko zabalago batera" iritsi ere, euskalgintza gertutik bizi ez duten herritarrengana formatu "arin eta freskoagoen bidez" heldu asmoz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide