Delikaren eskutik iritsi da euskaltegiko beiratea museora

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko mar. 19a, 06:00
Mikel Delika gasteiztarrak zaharberritu du '¡Ené… que sasqueles' lana. MIKEL DELIKA

Mikel Delika beiragile gasteiztarrak Bilboko Gabriel Aresti euskaltegian zegoen Jose Arrueren beirate polikromoa ahanzturatik salbatu du; Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumaren parte da orain.

Ohar taula gisa erabili izan dute urte luzez Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiko lehenengo pisuko hall batean zegoen beirate polikromoa, Jose Arruek sinatutakoa. Beirateari falta zitzaizkion zatitxoak osatzen joan dira klaseko oharrekin edo euskaltegiko ordutegiekin. Korrika eta Korrika Kulturalaren afitxak lasai asko itsasten jarraitu dute 2015era arte. Euskaltegiko gelak berritzeko obrak hasi zituzten orduan, eta, hara non, Mikel Delika beiragile gasteiztarrari deitzea otu zitzaien euskaltegikoei, ditxosozko Arruerekin zer egin jakitek: bota edo zaharberritu.

"Barruko patio batean zegoen beiratea, lehen solairuan; ez zion apenas eguzkirik ematen, eta horregatik ez zuen apenas luzitzen", kontatu dio Delikak ALEAri. Berehala konturatu zen beiragilea Jose Arrueren lan ederrak balio handia zuela eta zulotik atera behar zuela. Euskaltegiaren obraren hondakin guztiak, gainera, beirategiaren azpian biltzen ari zirela ikusi zuen Delikak, eta arrisku bizian jartzen ari zirela artelana. "Beiratea babesteko, nirekin eramatea proposatu nien. Azkenean, zaharberritzea adostu genuen, eta tailerrean gorde nuen, euskaltegiko obrak amaitu arte, eta berriro bere tokian jartzeko asmoarekin".

Zaharberritzea eta euskaltegiko obrak luzatu egin ziren, 2017ra arte, eta bitartean Txikita kaleko bere tailerrean gorde izan du Delikak Arrueren lan hori. Urte horretan, hain zuzen, Bizkaiko Diputazioaren beirateen katalogazioa eta azterketa egiten ari zen Delika, eta Santiago Arcediano historiagilearen bitartez,  Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari Miguel Zugaza ezagutzeko aukera izan zuen. "Jose Arrueren erakusketa bat prestatzen ari ziren orduan museoan, eta Arrueren beiratea konpontzen ari nintzela azaldu nion Zugazari. Beiratea ikusi nahi zuela esan zidan, eta ikusi zutenean berehala agertu zuten Arte Ederren museoan izateko interesa".

"Beiratea Bilboko Arte Ederren museoaren bilduman egotea harro egotekoa da"

Delikak bitartekari lana egin du azken bost urteetan Gabriel Aresti euskaltegiaren, Zenbat Gara elkartearen eta Bilboko Arte Ederren Museoaren artean, Arrueren obra herritar guztien esku jartzeko. Azkenik, birgaitutako beiratea Gasteizko Delikaren tailerretik jaso dute Bilboko museoko arduradunek aurtengo otsailean, eta martxoaren 6an aurkeztu dute, hedabideen aurrean, museoan bertan egindako ekitaldian.

Dohaintza bidez

Gabriel Aresti euskaltegiak eta Zenbat Gara elkarteak dohaintza bidez utzi dute Bilboko Arte Ederren Museoaren esku Jose Arrue margolariak 1920ko urteetan egindako beirate polikromoa. Aritz Estibez Olea Zenbat Gara eta Gabriel Aresti Euskaltegiaren ordezkariak azaldu duenez, Zenbat Garak egiten dituen ekimenetan euskara eta euskal kultura bilbotarren esku jartzea du helburu. "Euskal kultura eta Euskal Herriko autore eta lanen erreferentzialtasuna aldarrikatzen dugu. Horregatik, Zenbat Gara elkarteak Bilboko Arte Ederren museoari dohaintzan eskaintzen dio Jose Arruek sinatutako beiratea", esan du ekitaldian.

Bere aldetik, Delikak azpimarratu du museo baten bilduman sartu den lehen beiratea dela. "Niretzat harro egoteko modukoa da beirate bat artelan gisa Bilboko museoan erakustea, kontuan hartuta beirateen munduaren inguruan orokorrean, dagoen interes txikia. Ez dakit estatuan beirateren bat dagoen ikusgai bilduma artistiko baten parte gisa. Euskal Herrian seguruenik lehen harria jarri dugu", esan du adituak. Halaber, Gabriel Aresti euskaltegiaren "eskuzabaltasuna" eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin lortutako "akordio bikaina" nabarmendu ditu Delikak. 

'¡Ené… que sasqueles…!'

Julio Novo Bilboko Arte Ederren Museoko komisarioak museoaren bilduman sartu den lehen beiratearen azalpenak eman ditu. Gaurkoan museoak zabaldutako azalpen fitxak honela dio: "Arruek euskal hondartza batean kokatu zuen eszena, beharbada Lekeition, Zarautzen edo Donostian. Egilearen estiloaren ezaugarrietako bat da konposizioaren izaera komikoa, eta hala ikusten da neskatxarekin dagoen baserritarraren eta bainularien jokabidearen arteko talka kulturalean". Izan ere, neskatxa bere magalean babesten du nekazariak bainulariak ikus ez dezan. Irudiaren oinean Ené… que sasqueles…! esapidea ageri da, Ene… zer lotsagabeak…! modura uler daitekeen esaldia, antzinako bizkaierako saskelak (utzia, zikina, abandonatua) hitzarekin lotuta. Eta gaia osatzeko, beiratearen inguruan eta alboetako plafoietan ikonografia aberatsa dago: "Arrainak, izarrak eta itsas zaldiak, zefalopodoak, dortokak eta itsasoko beste hainbat izaki irudikatzen ditu Arruek. Bestalde, aipagarriak dira beheko plafoiko bi sirenak, perla maskor baten albo banatara. Beirategiko sinbologia Eva modernoaren kontzeptuarekin lotzen da".

"euskal artearen barruan beirate adibide bikaina da Arruerena"

Japoniar estanpen eragina azpimarratu behar da Novok egin duen azalpenaren arabera, bai irudietan bai koloreetan eta sakontasun planoak banatzeko moduan ere. "Animalien banaketa zainduari eta berunezko egitura txertatzeko modu armonikoari esker, euskal artearen barruan beirate adibide bikaina da lan hau".

Zaharberritzea

Bada, Bartzelonako tailer batean egindako artelana gozatzeko beharrezkoa izan den birgaitze prozesua ez da samurra izan. "Aurkitu nuen beirateak bi panel zituen desagertuta, hutsune bat erdiko paneleko hodei batean eta hainbat haustura beiretan", azaldu du Mikel Delikak.

Garbiketa prozesu baten ondoren, saneatu eta bastidoreak eta errefortzu-barrak margotu zituzten. Beheko alboetatik falta ziren panelak berregin zituen Delikak, jatorrizkoen kolorezko eta testurazko panelak errespetatuz, eta "XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako beirak erabiliz". Berunezko sarean hausturak zeuden soldadurak ere egin ziren.

Beiratea sei paneletan banatuta dagoela azaldu du Delikak, eraikuntza aldetik independenteak. "Ikuspegi teknikotik, azpimarratzekoak dira erdialdean dauden itsas faunari buruzko frisoak; esmalte zeramikoz eginak daude, erliebe txiki batekin, aspaldi desagertua dagoen eta oso gutxi erabili den teknika erabiliz".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide