'Kantabria Mendilerroa' toponimoa berreskuratzeko eskaria aurkeztu dute Kongresuan

Erredakzioa 2024ko mar. 1a, 09:10
Izendapen ofizialaren inguruko polemika aspaldikoa da eskualdean. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

PSE-EEk aurkeztu du eskaria, "herritarren gehiengoaren iritziari" erantzuna emateko.

Arabako PSE-EEk legez besteko proposamena aurkeztu du Espainiako Kongresuan egun ofizialki Toloño gisa izendatzen den mendilerroarentzat Kantabria Mendilerroa toponimoa berreskuratzeko.

Alderdiak ohar batean adierazitakoaren arabera, mendilerroaren mendebaldea Toloño gisa ezagutu izan da aspalditik, horren gainean izen hori zeramaten santutegi eta gaztelu bana eraiki zirelako. Gauzak hala izanik, "ekialderantz egin ahala", inguruko biztanleek hainbat modutara izendatu dute mendilerroa, "eta XVIII. mendearen amaieratik Kantabria Mendilerroa izena nabarmendu behar da erdialderako, baita mendilerro osorako ere".  

Argudiatu dute Unescok toponimo bat normalizatzeko irizpideei eutsi behar zaiela: "Erabilera errespetatzea, eragindako herrien borondatea errespetatzea, lekuaren izena bakarra izatea, izen autoktonoak errespetatzea eta izen propioak ez itzultzea".

Proposamena erregistratu duen Daniel Senderos diputatuaren esanetan, eskariak "Arabako Errioxako eta Mendialdeko herritarren gehiengoaren iritziari erantzuten dio, bai eta gizarte eragileeni ere".

2019an izendapen hori ofizialki berreskuratzeko plataforma eratu zuten. Orain arte 2.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte, eta Arabako Errioxako hainbat udaletan izendapenaren aldeko mozioak onartu dituzte ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide