Natura, Izkiko berba propioan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko ots. 10a, 08:00
Estibaliz Agirreren ilustrazioekin apaindu dute Andoni Llosaren 'Naturaren hIZKItegia'. AFA

Izkiko herrietako bizilagunei egindako elkarrizketen bidez, naturari buruzko berezko berbak berreskuratu ditu Andoni Llosak. 'Naturaren hIZKItegia' liburuan eta erakusketa batean bildu dute naturalistaren lana.

150 berba inguru jaso ditu Andoni Llosa naturalista eta hizkuntzalariak Naturaren hIZKItegia izeneko liburuxkan. Izki bertako fauna eta flora izendatzeko herrietako bizilagunek erabiltzen dituzten terminoetako batzuk erakusten ditu liburuak. Izan ere, zenbait bizilagunek gogoan dituzte oraindik fauna, flora, fenomeno meteorologikoak eta geografia gorabeherak izendatzeko moduak, nahiz eta batzuk galduta egon.

Llosaren lana oinarri duen hIZKItegian, Estibaliz Agirre ilustratzaileak egin dituen 21 irudiren bidez zenbait animalia eta landare ere irudikatzen dira. A letraren irudian, adibidez, azorico rapante hegaztia ikus daiteke, hala esaten baitzaio belatz gorriari tokiko hizkeran. Gainera, Arabako Mendialdeko flora eta faunaren berezko hitz horiek erakusketa batean bildu dituzte, eta Aste Santura arte zabalik izango da Korresko parketxean.

"Euskara ez dakiten bertako zaharrenek euskal berbak erabiltzen dituzte" 

Lau urte behar izan ditu Llosak naturari buruzko hitzak biltzeko, Izkiko herritarren ahotik. "Izkiko ingurua hainbat zatitan banatu nuen, eta herririk herri ibili nintzen bertako naturari buruzko hitzak batzen. Urtero herri batzuk aukeratzen nituen eta bertan egiten nuen lan, amaitu arte. Termino batzuk herritik herrira aldatzen dira, nahiz eta hiru kilometroko distantziara bakarrik egon".

Izkiko naturari buruzko berba propioen bilketa lan hori egiteko proposamena Izkiko parketxeko arduradunak egin zion naturalistari. "Parketxeko arduradunak nire ibilbide profesionala eta nire pasioa ezagutzen ditu: naturaren zaletasuna alde batetik, eta euskarari buruzko ezagutza bestetik: toponimia eta naturako euskal hitzak… Eta lan honetan biak uztartu ditut", aitortu du Llosak. Fauna eta flora, haizeak, klimari buruzkoak, berba asko jaso ditu: "Niri dagokidan lana izan da berbak batu eta bakoitzaren esangura aipatzea. Hori amaituta, parketxeko arduradunek erabaki zuten guztiak batu eta liburuxka batean ateratzea, eta hortik etorri da argitalpena".

Mota horretako bilketa lan bat egiteko mugarik handiena denbora dela esan du Llosak, eta zenbat eta lehenago hasi, hobeto egiten da, lexikoa benetan kontrolatzen dutenak gero eta gutxiago direlako. "Hizlari asko eta asko dagoeneko ez daude gurekin, eta ezagutzaren aldetik, belaunaldi batetik hurrengora alde handia dagoela ikusi dut. 85-90 urteko jendeak askoz hobeto ezagutzen du bere inguru naturala eta askoz hiztegi handiagoa dauka 60 urtekoak baino".

Ahozko ondarea

Beraz, Izkiko naturari buruzko ezagutzaren zatirik handiena herrietako zaharrek gorde dute. "Badago idatzizko dokumentazioa. Martinez de Gereñuk eta Jose Antonio Gonzalez Salazarrek egindako lanetan badago hitz pila bat, baina beharbada ez dira zehazki naturari buruzkoak eta ez dago herriz herri jasota, haien helburua potoloagoa izan delako. Egon badago zerbait idatzita, baina batez ere ahozko tradizioan eta ahozko komunikazioan jaso ditut hitzak", argitu du Llosak.
Alde horretatik, galera handia nabarmendu du naturari buruzko terminoetan, eta uste du, gainera, hemendik aurrera areagotuko dela galera hori, belaunaldi berriek gero eta gutxiago erabiltzen dituztelako hitzok. "Gazte askok ez dakizkite, naturatik urrunago daudelako; nahiz eta asteburuetan edo oporraldietan herrira itzuli, lana beste esparru batean dute, eta hori asko nabaritzen da; lehengo belaunaldian natura zen ohiko lantokia", zehaztu du.

Bestalde, Llosak atzeman duenez, Arabako Mendialdea eta zehazki Izkiko ingurua oso bereziak dira herrialdeko beste toki batzuekin alderatuta. "Arabako beste eskualdeen aldean baso munduarekin oso lotuta egon dira beti Izkiko herriak. Ezagutza benetan oso sakona dute, zuhaitzen izenak, landareak, baso fauna… Oso hiztegi aberatsa dago bertan".
Hizkuntzari dagokionean, euskarazko eta gaztelaniazko jatorria duten hitzak jaso ditu Llosak, baina baita beste jatorrietakoak ere. "Izkiko ikurra den ametzak, Quercus pyrenaicak, badu bertako izen bat: Roble amez esaten diote Izki inguruko zaharrenek, askotan jakin gabe ere euskaratik datorrela. Badago euskal jatorria hainbat berbetan, eta badaude beste batzuk oso bitxiak: euskarazko haltza edo erdarazko aliso, bertan ez da ez haltza ez aliso, berniazo da; eta hori ikertzen hasten zarenean ikusten duzu hori okzitanoz dela, Frantzian eta Kataluniako hainbat lekutan haltzari bern esaten diotela".

Zaharrenak, euskaraz

Egindako lan horretatik Llosari atentzioa eman dio ere ikustea bertako zaharrenek, euskaraz hitz egiten ez dakiten bertako zaharrenek, euskal berbak erabiltzen dituztela, jakin barik modu kontzientean euskara erabiltzen ari direla; eta ordea, haien seme-alabek edo ilobek, euskara dakitenek, landare edo zuhaitz berari deitzeko erdarazko hitza erabiltzen dutela. "Oso bitxia da hori. Bertako zahar batek haginari hagin deituko dio beti: mira ahí hay un haguín, edo yo ya sé donde están los haguines;  baina bere ondorengoek euskaraz hitz egiten badute hagin esango dute hitza ezagutzen badute, baina bestela gaztelaniaz ari direnean tejo esango dute". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide