Urrezko zekorraren bila

Erredakzioa 2024ko urt. 13a, 08:00

Hainbat txokotan kontatzen dute urrezko zekorraren kondaira. Argazkia: PHOT.OK

"Arrizalako trikuharri ezagunaren ondoan urrez betetako poltsa bat aurkituko dute abilenek"

Arkeologo ezagunenek ere oraindik ez dituzte topatu. Baina hantxe daude, ondo gordeta, norbaitek aurkituko zain. Han eta hemen, leize eta mendi zuloetan ezkutatuta, lurpean agertuko dira gutxien espero denean. Idi-larrutan gordetako txanponak, animalien urrezko figurak, kanpaiak, kutxak, orraziak... Kondairek diotenez, Araban, Sorginetxe inguruan bada horren arrastorik; Arrizalako trikuharri ezagunaren ondoan urrez betetako poltsa bat aurkituko dute abilenek. Iturrietako San Patricio leizera gerturatzen direnek ere izango dute aukerarik, eta Santa Teodosia baseliza inguruan bestelako altxorrak ere badaudela diote zurrumurruek, eta ez geruza sakonetan gainera, inguruetan bazkatzen diren ardiek ere topatzeko moduan baitira. Non ote da altxor preziatuena, ordea? Uste baino gehiago dira Araba zabalean. Txanpon ugari biltzen ditu Mairuelegorretako kobak, eta urrezko kanpai bat lurperatu zuten  Trespondeko herrixka erromatarrean. Kanpezun, urrezko oiloa gordetzen dute, eta Bernedon, Okinako leizean, animalia mitologikoek urrezko zekor bat zaintzen omen dute, eta antzeko kontakizunak datoz Harana bailaratik eta Birgarabarrenetik ere, Kapildui gaineko hobitik; asko izan dira barruan sartu eta altxorraz jabetu nahi izan dutenak, baina, diotenez, inor ez da bizirik atera handik.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide