Asier Valdestilla

"Emozioak piztea gustatzen zait, publikoa katarsira eramatea"

Anakoz Amenabar 2024ko urt. 6a, 06:00

Asier Valdestilla aktorea. Argazkia: A.V

Hemeretzi urterekin, bide oparoa egiten dabil Asier Valdestilla aktore gasteiztarra, antzerkia eta ikus-entzunezkoak uztartuta; TAE edota Ortzai antzerki taldeekin ibili ostean, 'Cuéntame' serie ezagunera egin zuen jauzi azken denboraldietarako, eta antzerki obra bat du prest martxorako.

Espainiako telebistan historia egin duen Cuéntame cómo pasó seriea amaierara helduko da urte bukaeran, eta, beraz, Alcantara familiako Santi bilobak ere agur esango dio estatuan sekula egin den telesailik luzeenari. Azken bi denboraldietan parte hartzeko aukera izan du Asier Valdestilla (Gasteiz, 2004) aktoreak, eta, grabazio lanak amaituta, Madrilgo RESAD antzerki eskolan dabil orain buru-belarri.

Nolakoak izaten ari dira antzerki eskolak?

Oso pozik nago, baina oso trinkoa da. Egunero sei ordu dira eskolan, eta entseguak ere izango ditugu. Gauza asko izaten ari dira batera, eta eguneroko plana ondo antolatu beharra dago.

Ez omen da erraza RESADen sartzea...

Nahiko zaila da, bai. Iaz ere saiatu nintzen, baina ezin izan nuen; 24 ikasle sartu ziren, eta 25.a geratu nintzen. Kolpe gogorra. Sartzeko azterketa teoriko eta praktikoak izaten dira. Lehen atala gaindituta, hurrengoan hainbat proba praktiko egin behar dituzu: bakarrizketa dramatiko bat, komiko bat, dramatizazio bat, abesti bat, poema bat eta talde handi batean gorputz adierazpeneko ariketa batzuk. Nahiko zaila da, baina gainera zortea ere izan behar duzu; oso ondo prestatu dezakezu eta egun horretan egun txarra izan, edo, prestatu gabe eraman gabe ere, epaileen gustukoa izan daiteke nola lan egin duzun. Jende oso ona ikusi dut, eta gainera proba on batzuk egin dituztenak, baina ez dituzte aukeratu. Beraiek ez dute profesional bat bilatzen, ikasle bat baizik; aktore bikain baten aldean, nik uste RESADeko programara egokituko den ikasle bat nahi dutela.

Interpretaziotik zerk erakartzen zaitu?

Aurreko urtean proba hauek prestatzen izan nintzen eskola batean, eta bertan antzerki gestuala egiten genuen sarri. Ez nuen ezagutzen. Gasteizko Kaldearte jaialdian ikusi nuen antzerki batzuk gustuko nituela, baina, aldi berean, umetatik beldurra izan diet txotxongilo eta antzerki arraro batzuei, eta iaz antzerki horrekin konektatu nuen, erabat. Egia da testuarekin hobeto lantzen dudala, baina testu horretan gorputza sartzea asko gustatzen zait. Bestalde, antzerkia egiterakoan, bi gauza gustatzen zaizkit; batetik, emozioak piztea, baina benetan, antzerki grekoak aipatzen duen katarsira eramatea publikoa; eta, bestetik, denuntzia bat egitea, artearen bitartez, antzerkia pedagogikoa izan daitekeelako. Hori asko gustatzen zait.

"Serie kontserbadore batean LGTBI erreferente bat izatea ez da ez da ohikoa, eta garrantzitsua da"

Gasteizko TAE antzerki eskolan hasi zinen antzerkiarekin, ezta?

Bai, eta benetan oso-oso ona izan zen niretzat. Antzerkira joan nintzen lehen aldiz klaseetan ez nuelako hitz egiten, eta irakasleak esan zion amari zerbait egin behar nuela aktibatzeko eta eskoletan irekiago izateko. 5 eta 7 urte artean, txiki-txiki sentitzen nintzen klasean, eta oso erabilgarria izan zen TAEn prozesu hori egitea, joko asko egiten dira, eta erraz barneratzen zara. Lehen urtean negarrez sartzen nintzen, eta bigarren urtean nik neuk nahi nuen joan. Laugarren mailan ni nintzen dena antolatu eta prestatzen zuena, poz-pozik joaten nintzen, eta beste umeak nire lehenengo egunetan bezala ikusten nituen; benetan gaizki pasa nuen hasieran.  ni bezala lehenengo egunetan.

Ortzairekin ere hainbat lan egin dituzu.

Ortzairekin gauza oso dibertigarriak egin ditut, eta oso garrantzitsuak izan direnak niretzat desinhibiziorako, publikoarekin egoteko, feedback-a izateko… En la corte del faraón izenekoan protagonista paper bat egin nuen, eta antzeztu, abestu eta dantzatzen genuen. Horiek elkartzea aurkikuntza bat izan zen niretzat, denak batuta espresiboago izaten garelako.

Jauzi handia etorri zen urte batzuk beranduago 'Cuéntame' seriearekin, ezta?

Bai, ez nuen espero, eta bat-batean heldu zitzaidan. Bi casting egin nituen, lehenengoa beste paper baterako. Beste lagun bat hartu zuten horretarako, eta Santiren papera egiteko beste proba bat egin nuen presentzialki Madrilekin. Bi aste beranduago, Naiarak deitu zidan (managerra) eta superalbistea eman zidan; amarekin nengoen, bera negarrez, eta ni ezin sinetsi... Egia esan, ez nekien zer egingo nuen edo zer nolako lana izango zen. Nik ordura arte antzerkia bakarrik egin nuen, ikus-entzunezkorik ez, ez nekien zer zer zen kamara bat. Nola egingo nuen hori?

Asier Valdestilla aktorea, 'Cuéntame' seriean. Argazkia: RTVE

Hasiera zaila izan zen?

Egia da Cuéntamek ibilbide luzea duela eta oso ondo eramaten zaituztela. Bertara sartu, eta ezer ezagutu gabe bat-batean proiektuarekin bat egitea ez da erraza, kodigo asko dituzte eta zuk horietara moldatu behar duzu, ez da beraiekin batera sortzen duzun gauza berri bart, zu zara proiektu handi batean sartzen den azkena.  Erritmoa hartzea zaila izan zen. Lehengo egunean izututa nengoen, baina denborarekin hartu nuen martxa; orain bigarren denboraldiko atalak ikusten ditudanean, dexente hobeto ikusten dut nire burua. 

Nolakoa da halako proiektu handi batean lan egitea?

Baldintzak oso onak dira, baina aldi berean oso gogorrak. Lanaldi bat 15 ordukoa izan daiteke, edo gaueko ordu txikitan amaitu; gogoan dut egun batean goizeko bostetan heldu nintzela etxera. Oso profesionala da, baina aldi berean momentu askotan ez duzu ezer egiten, ordu asko; ez dakizu testua errepasatu, lasai egon... Egon behar duzunean dena oso azkar doa, eta zuzentzen zaituztenak nahiko gogorrak izaten dira. Izan ere, beste pertsonaiek oso barneratuta dute dena, kamara aurrean jartzea besterik ez da haientzat; ordea, zuk zure pertsonaia landu egin behar duzu, besteekin konexioak landu egin behar dituzu, eta baita parte teknikoa ere. Ikus-entzunezkoak teknikarekin lotzen ditut nik, 360 graduko begirada bat izan behar duzu, alde guztietatik adi. Gauza kreatibo bat egitea baino, produkzio horietan oso teknikoa izan behar duzu, eta egiten duzuna oso garbi egin.

Nolakoak izan ziren konexio horiek? Seriea ezagutzen zenuen aurretik?

Ezagutzen nuen Cuéntame, baina ez nuen jarraitzen. Ikerketa lana egin behar izan nuen, arakatu, eta gero pertsonaia landu. Pertsonaia nahiko erraza izan zen, gutxi gorabehera nire adina duelako, eta badituelako antzekotasunak nirekin; hori erraza izan zen, baina lehen egunetan beste pertsonaiekin konexioak egitea zaila izan zen. Aldiz, denboraldi honetan gozamena izan da, familia baten parte sentitzen naiz, eta horrek inprobisaziorako bidea ere uzten dizu, lehen denboraldian nahikoa nuen lana teknikoki ongi egitearekin.

"Madrilen egonda, inoiz baino gasteiztarragoa sentitzen naiz. Behar dut Gasteiz"

Santiren pertsonaiak zer eman dizu zuri?

Paper hau benetan disfrutatu dut. Alde batetik, niretzat ez da zaila izan pertsonaia hau modu organikoa batean ateratzea. Ezin dut egin pertsonaia bat, nolabait esatearren, nire barrutik oso urruti dagoena, barrutik pasa ez dena, eta, alde horretatik, erraza izan da, nirekin lotura asko dituelako, edo berarekin ere beste gauza batzuk deskubritu ditudalako. Azkenean, joko bat da pertsonaia eta zure artean. Beste alde batetik, bisibilizazioa ere garrantzitsua izan da pertsonaia honekin; esan dudanez, ikus-entzunezkoak sozialki denuntzia egiteko erabiltzea oso ona dela uste dut, eta, kasu honetan, Santiren pertsonaiarekin LGTBI kolektiboaren kezkak eta erronkak atera dira telebista publikoan. Élite seriean, esaterako, erreferente asko daude, baina halako serie kontserbadore batean gay erreferente bat izatea ez da ohikoa, eta benetan hori da garrantzitsua, serie horietan ateratzea. Jaso ditudan mezuen arabera, zenbaitek kapitulu guztiak familiarekin ikusi dituzte, eta momentu perfektua izan da kontatu beharrekoak kontatzeko. Horretaz asko poztu naiz.

Aktorea eta pertsonaia asko nahasten dute zaleek? 

Niretzat oso garrantzitsua da banatzea, eta askotan ez da egiten. Neonazi baten papera egiten duen aktorearen adibidea ikusi dut, haren kontra aritu dira, pertsonaia eta aktorea bereizi gabe. Nire kasuan, egiten dudan pertsonaia oso garrantzitsua da, dudarik gabe, baina ez dut bizitza osoa pertsonaia bera egiten pasa nahi. Paper askotxo egin ditut, eta oso desberdinak beraien artean; orain Cenizas izeneko antzerki obra bat prestatzen ari gara, eta guztiz kontrakoa den pertsonaia bat egingo dut: arazo asko dituen nerabe bat, agresiboa, bipolarra...

Nola prestatuko duzu hori? 

Paper hori zaila da, oso aldenduta dagoelako. Askotan objektuak erabiltzen ditut, eta musika, estimuluak… Playlist bat sortzen dut eta pertsonaiak entzungo lukeena entzuten dut. Nire buruari ere argazkiak ateratzen dizkiot, pertsonaia horien buruan jarrita. Estimulu horiekin batera, nire bizitzan momentu jakin batean sentitu ditudan antzeko emozioak bilatzen ditut... Eta gero, noski, ikerketa lana, kazetari lana ere egin behar da kasu honetan.

Asier Valdestilla, Imanol Arias aktorearekin, 'Cuéntame' seriearen grabazioan. Argazkia: RTVE

Berriki 'Cinco Lobitos' pelikulan ere ikusi zaitugu.

Pasarte oso txikia daukat, baina pelikula horretatik ikasgai bat atera nuen Susi Sanchez aktorearen eskutik. Entzuteak duen garrantziaz hitz egin zidan, eta geroztik grabatuta eramaten dut antzerkia egiterakoan. Askotan gure barruan sartu egiten gara eta ez gaude bestearekin; eszena batean besteak ematen dizuna hartu behar duzu, prozesatu, eta hari zerbait desberdina eman.

Zeintzuk dituzu eredu interpretazioan?

Johnny Deep erreferente handi bat da niretzat, eta Tim Burtonen estetika ere gustuko dut. Edo Timothee Chalamet ere, beharbada nire antzeko adina duelako eta antzekotasunen bat dugulako. Almodovarren pelikulak ere gustatzen zaizkit.

Momentuz, Madrilen jarraitzeko asmoz?

Denbora batez behintzat, bai. Pizgarri asko ditu Madrilek, hori egia da, arteari dagokionez adibidez sekulako eskaintza dago, baina basatia ere bada hiri hau, eta denbora asko daramatenen artean nabaritzen da nekea. Niretzat inportantea da RESADek jartzen didan errutina, eta pizgarriak beharbada astebururako. Baina egia da, baita ere, Madrilen egonda, inoiz baino gasteiztarragoa sentitzen naiz. Behar dut Gasteiz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide