Garoña eraisteko lehen urratsak, zuzenean

Erredakzioa 2023ko aza. 23a, 17:29

Garoñako zentral nuklearraren barruan izan da ALEA, hamar urtez luzatuko den husteko prozesua bertatik bertara ezagutzeko.

Euskal Herriko eta Gaztela eta Leongo hainbat hedabiderekin batera sartu da ALEA Garoñako instalazioetara, gaur goizean. Zentral nuklearra eraisteko eta ixteko proiektuan "gardentasuna" bultzatzeko, Enresak komunikabideentzat bisitak antolatu ditu azken asteetan, eta instalazioaren eraikin nagusietara eta garrantzi bereziko eremuetara sartu ahal izan dira hogeita hamar bat kazetari, argazkilari eta kamerari.

Segurtasun neurri zorrotzak ezarri ditu Enresak bisita egin ahal izateko, eta uneoro zaintza berezia izan dute gonbidatuek.

Iragan uztailaren 19an, Nuclenorrek instalazioen titulartasuna hondakin nuklearrak kudeatzen dituen Enresa enpresa publikoari eskualdatu zion, instalazioa eraisteko lehen fasean. Bi fasetan egingo dute prozesua, eta lanek hamar urte irautea aurreikusten dute, 2033. urtera arte.

Lehen faseak 2026ra arte iraungo du: turbinaren eraikinaren egiturak eta osagaiak deseraikiko dituzte, eta, bertako hondakinak kudeatu ahal izateko, hainbat instalazio moldatuko dituzte. Erradioaktiboak diren hondakin gehienak maila txiki edo ertainekoak izango dira, eta horiek Cordobako (Espainia) El Cabril hilerri nuklearrera eramango dituzte. Erradioaktibitate handiko erregaia, berriz, ur biltegitik atera eta han bertan, aire zabalean, eraiki duten behin-behineko biltegi batera mugituko dute, estatuko hondakin arriskutsuak har ditzakeen biltegiratze geologiko sakona egon arte. 2073rako espero dute biltegi hori izatea.

Bigarren faseak 2026tik 2033ra arte iraungo du: behin erregaia aterata, "eraikin erradiologikoak" desmuntatuko dituzte, kutsadura kendu eta ingurua "leheneratuko" dute.

Garoña da desegingo duten Espainiako hirugarren zentral nuklearra, Jose Cabreraren (Guadalajara) eta Vandellós I.aren (Tarragona) atzetik.

Argazkiak: PHOT.OK

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide