Bizilagunak

Mahai baten bueltan, aniztasunaren alde

Erredakzioa 2023ko aza. 21a, 10:00

Bizilagunak ekimenak dozenaka nazionalitateko ehunka pertsona bildu ditu asteburu honetan, Arabako hamaika udalerritan antolatutako kulturarteko bazkarietan.

Mahai baten bueltan milaka mundu elkartu daitezkeela frogatu du azken urteetan Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak, Arabako Foru Aldundiak eta, aurten lehen aldiz, Bitartean Jolasean erakundeak sustatutako Bizilagunak Araba ekimenak. 2022an, 38 nazionalitateko mila pertsona inguru bildu ziren Arabako kulturarteko bazkarietan.

Aurten ere, behin betiko datuen faltan, goranzko joera errepikatu du ekimenak. Mahai istorioak lelopean, joan den igandean, azaroaren 19an, jatorri kultural desberdinetako Arabako dozenaka etxe, txoko, familia, lagun kuadrilla eta elkarte batu ziren ekimenera, zurrumurru arrazista eta xenofoboak zalantzan jartzeko eta bizikidetza sustatzeko asmoz. Finean, bizilagunak mahai baten inguruan bilduz.

Azken urteetan bezala, antolatzaileek gero eta garrantzi handiagoa eman nahi izan diote landa eremuari, Aniztasuna Kudeatzeko 2021-2024 Estrategiarekin bat eginez. Horrela, landa eremuan bizi den biztanleria migratuari eta arrazializatuari lotutako zurrumurruen, aurreiritzien eta estereotipoen aurkako borroka indartu nahi dute. Berriz ere, bazkarien erdia herrietan antolatu dira oraingoan, eta, gainera, Arabako Errioxako kuadrilla batu da ekimenera, Bitartean Jolasean elkartearen eskutik.


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide