Euskaraz egiteagatik jazarpena egin diotela salatu du Aitor Montes medikuak

Erredakzioa 2023ko aza. 20a, 13:09

Aitor Montes, Aramaioko familia medikua. Argazkia: Goiena

Debagoieneko ESIri "euskaraz egiteko eskubidea babestu eta jazarpena salatu" dezan eskatu dio.

Lana euskaraz egiteagatik "jazarpena" jasaten ari dela salatu du Aitor Montes Aramaioko medikuak. Sare sozialetan adierazitakoaren arabera, lan dokumentuak euskaraz idazteagatik kargu hartu diote Osakidetzako zenbait langilek. "Gaur, berriro ere, euskaraz lan egiteagatik eraso. Telefono deia nire izen abizenak aipatuz, ia neu nintzen AML, zergatik idazten nuen euskaraz. Behin anestesia zerbitzua; gero alergologia, orain Arrasateko larrialdietako zerbitzutik deia".

Jazarpenaren ondorioz, lan egin ezinik dela azaldu du Montesek, eta horrek, era berean, Aramaio medikurik gabe utziko duela gogoratu du. Debagoieneko zuzendariei leporatu die horren ardura. "Aramaio medikurik gabe geratuko da, 'ordezko medikurik ez dagoelako' pazienteen, erizainaren eta nire kalterako. Beste jazarpen bat. Debagoieneko zuzendaritza isilik. Konplizeak".

Hala, batetik, bere baja betetzeko Aramaiora ordezkoa bidaltzea eskatu dio Osakidetzari eta Debagoieneko ESIri. Eta, beste alde batetik, zuzendaritzari adierazpen publikoa galdegin dio, "euskaraz egiteko eskubidea babestuz eta jazarpena salatuz", eta langile horien "idatzizko barkamen publikoa".

Aurretik, hainbatetan salatu du Montesek euskararen erabilerari loturik jasan dituen oztopoak. Apirilean, esate baterako, salaketa jarri zuen euskara erabiltzeagatik jasotako mezuengatik; Ertzaintzan salatu zuenez, Debagoieneko ospitaleko anestesista batek hainbat mezu idatzi zizkion Montesek berak euskaraz egindako Aramaioko paziente baten historial klinikoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide