Isabel Perez

"Gerra garaian, desinformazioa eta beldurraren erabilera arma bat gehiago da"

Anakoz Amenabar 2023ko aza. 3a, 06:00
Isabel Perez, Gazako iparraldeko Johr Eddik zonaldean, 2016an. Argazkia: I. Perez

Israelek ezarri nahi duen "isiltasun informatiboa" gainditzen ari diren Gazako tokiko kazetarien lana nabarmendu du Perezek.

Ekialde Hurbilean hainbat urtez bizi izan da Isabel Perez kazetaria (Ejea de los Caballeros, Aragoi, Espainia), horietako lau Gazan, eta Hala Bediren Uhintifada saioaren bitartez zenbaitetan eman du hango berri. Hain justu, Gazako familia politikoa bisitatu behar zuenean eztanda egin du zonaldeak. Informazioan doktorea, Palestinako Jihad Islamikoaren inguruko tesia ere aurkeztu du.

Egun hauetan informazioa "gerra arma" modura nabarmen darabilten sentsazioa duzu?

Ez beti, zorionez. Kazetari askok informazio-oreka mantentzen dute, eta lan sakona egiten dute albistea testuinguru historiko batean kokatzeko. Testuingururik gabe, ezerk ez du zentzu handiegirik, eta batzuetan okerreko lerroburua ere jartzen dugu: "Hamas vs Israel". Israelgo Estatua ez dago gerran Hamasekin bakarrik, Palestinako herri osoaren aurka ari da gerran. Israelgo giza eskubideen aldeko erakunde palestinarren lanak, al-Haq-ek kasu, apartheidaren oinarriak argitzen ditu, Israelgo gutxiengo palestinarraren aurkako lege israeldar diskriminatzaileak aztertzen ditu, eta Palestinian Center for Human Rights edo Gazako Al-Mezan bezalako GKE batzuek nazioarteko lege humanitarioen urraketak eta okupatutako lurralde palestinarretako nazioarteko hitzarmenak salatzen dituzte... Jakina, gerra garai honetan, desinformazioaren eta zarataren arma, propagandarena, gezurrarena edo sentimenduen eta beldurraren erabilera arma bat gehiago da. Helburua da beste herrialde batzuetako iritzi publikoaren eta munduko botereen legitimitatea lortzea hiltzen jarraitzeko.   

Desinformazioaren, 'fake news'-en eta propagandaren hainbat adibide daude: inork ikusi ez zituen dekapitatutako haurtxoak, Al Ahli ospitaleko sarraskiaren egiletza...

Edota ustez bi gazatarren audio faltsuak, Libanoko azentu bitxia zutenak. Bai, honelako kasu batzuetan barre ere egin dezakezu, baina ospitale batean bonbardaketa bat gertatzen denean, desplazatatutako ehunka lagunek gaua pasatzen duten lekuan, edota burua moztu dieten haurtxoez ari garenean –inoiz ikusi ez den irudia–, kontua serioa da eta zaila da egiaztatzea. Lehenengo egunetan, desinformazio bat biral bihurtzen denean, hori zabaltzen duen kazetariak edo ikusleak bere aurreiritziak berresten dituelako gertatzen da, faltsuak izan daitezkeenak, baina egia dela sinisten du. Eta hemen Foucault aipatu behar da, dauden "egien"  ikuspegi epistemikoaz hitz egiten baitzuen, kultura baten edo bestearen oinarriaren araberako egiaz, aurreiritzi baten edo bestearen arabera. Al Ahli ospitalearen kasuan, telebistako saioren batean galdetu didatenean, esan dut denbora galtzen ari garela gerrako krimen baten egiletzaz hitz egiten. Larriena da hildako pertsonak daudela, haurrak eta emakumeak barne, eta Israel izan ez bada, funtsezkoena da jakitea honek hiru mila hilketa zeramatzala aurretik.   

"Israelek Hamasen azpiegiturak bonbardatuko ditu", Gaza bonbardatzeko argudio gisa. Sinis daiteke argudio hori?

Hamas gazatarrak giza ezkutu gisa erabiltzen ari dela uste duten audientzia batzuek sinisten dute. Baina bonbardaketen tamaina, egindako kalteen eta heriotzen kopurua, Israelen argudio hori ahultzen ari dira. Argi geratzen ari da, Hamasen aurkako borrokarekin batera, Israel kolpe gogorra ematen ari zaiela gazatarrei erresistentzia honen eta herriaren artean lotura emozionalik izan ez dadin, bestela esanda, herria Hamasen aurka joan dadin amore eman dezan eskatzeko, erasotzeari uzteko eta bahituak entregatzeko. 2014an, Israelek etxeak bonbardatu aurretik abisatu egiten zuen, ez beti, baina bai askotan. Terrorismoari buruzko informazioa jorratzen duten kazetarientzako Unescoren eskuliburuan esaten denez, gerta daiteke terrorismoaren aurka jardutean estatu-terrorismoa egitera iristea. Esan genezake Israel Estatu terrorismoa egiten ari dela? Susmoa dut oraindik juridikoki sakondu gabeko puntua dela hori.

"2014ko esperientziatik ikasi egin du Israelek; urte hartan isiltasun informatiboa inposatzen saiatu ziren, baina berandu ibili ziren"

Israelek asmo argia du nazioarteko prentsa isilarazteko?

Bai, badu, eta 2014an izandako esperientziarekin ikasi zuen. Urte hartan isiltasun informatiboa inposatzen saiatu ziren, baina berandu zen, eta kazetariek, bertakoek zein atzerritarrek, mundu osoari igorri zizkioten Israelgo gerra krimenak Gazan. Hala eta guztiz ere, hedabideetako jabeak ikaratzen saiatu ziren beren kazetariek Gazatik alde egin zezaten. Gutunak bidali zituzten Espainiako egunkarietako erredakzio guztietara, telebistetara, agentzietara... Asko freelance-ak ginen, eta geratzeko aukera genuen, eta beste batzuk erredakziotik behartuta erretiratu ziren egun batzuetan, baina bueltatu egin ziren. Orain dena antolatuta zuten: tokiko prentsak heriotza-mehatxupean informatuko du Gazatik, eurena edo euren familia arriskuan; atzerriko prentsak, aldiz, Israeldik informatuko du eta palestinarren koheteen bonbardaketak pairatuko ditu, beldurra pairatuko dute, familia israeldarrekin negar egingo dute haien hildakoengatik...

Nola informa zaitezke Gazatik kanpo? Zer hedabidetara jotzen duzu?

Nik dei zuzenak egiten dizkiet kazetariei, senideei, eremuan mugitzen diren lagunei, ospitaleetan edo Nazio Batuen babeslekuetan boluntarioak direnei, giza eskubideen abokatuei... Denbora luzea eman nuen han eta lotura horiek izaten jarraitzen dut. Kazetari zorrotzen Telegrameko kanalak ere jarraitzen ditut, bonbardaketa bakoitza non gertatu den eta, minutu batzuk geroago, zein familia hil duten jakinarazten dizute. Hori niretzat garrantzitsua izaten ari da orain bizi dudanagatik, nire familia politiko osoa barruan baitago. Tokiko iturriez gain, badira, noski, bertako jendearekin barrutik informatzen duten hedabideak.

Nola daude tokiko informatzaileak? Zer kontatzen dizute?

Beraien egoera izugarria da. Ospitaleen kanpoaldean lo egiten ari dira, Jan Yuniseko Nasserren edo Deir al Balahko Al Aqsan, biak Gaza erdialdean; teorian, eta Israelen arabera, seguruen dagoen eremu bat da. Hala ere, etengabeko bonbardaketak daude airetik eta itsasotik. Zoruan lo egiten ari dira, kartoien gainean, batzuk koltxoien gainean, edo autoetan. Emakume kazetari bakanak oso gaizki pasatzen ari dira, pribatutasunik ez dutelako, egoera txarrean dauden ospitaleetako komunak erabiltzen dituztelako. Ez dute non dutxatu. Ia ez dute lorik egiten, heriotzen eta zaurituen jarioa etengabea delako eta gutxi direlako informatzen, erredakzioan euren zain daude, eta aldi berean familiak beste leku batean utzi behar dituzte. Ez dakite lana amaitzean berriro ikusiko dituzten... Nire ustez, asko estres traumatiko izugarria jasaten ari dira. Hau guztia amaitzen denean ikusiko dugu.

Isabel Perez eta Mussar'ab Basshir bikotea, Hala Bediren Uhintifada saioan. Argazkia: Hala Bedi

Hainbat urtez lan egin duzu Gazan. Nolakoa da kazetari lana han? Zer zailtasun zenituen?

Urteko 365 egunetan egin nuen lan, lau urte baino gehiagoz. Telebistarako erreportajea ez bazen, prentsarako edo, besterik gabe, lekukotasun historikoak dokumentatzeko artikuluekin. Dozenaka argazki egiten nituen egunero. Gazako ia bazter guztiak bisitatu nituen, eta beti aurkitzen nuen dena kontatzeko beharra. Gau batzuetan goizaldean bonbardaketa batekin esnatzen ginen, eta kotxez joan behar izaten genuen bulegora horren berri ematera. Nire etxetik, Deir al Balah-tik, Gazako Shouruq dorreko bulegoraino 20 bat minutu nituen autoz. Dorre hori misilekin eraitsi zuten israeldarrek 2021ean. Autoan Palestinako Kazetarien Sindikatuaren argi seinale bat eramaten genuen gaueko irteera horietarako, baina bonbardatua izateko  beldurra beti zegoen. Batzuetan Hamaseko ofizialekin borrokatu behar izaten genuen grabatzen uzteko. Horrela lan egiteak zure lanbiderako grina handia eskatzen du eta, ez dizut gezurrik esango, ihesbide bat behar da, eta nire kasuan kirola zen.

Eta Zisjordanian? Bertatik informatu daiteke kontrolik izan gabe?

Madar zentro palestinarrak informatzeko eskubidean izaten den edozein oztopo edo urraketa monitorizatzen du lurraldeetan; Israelek, Hamasek edo Palestinako Agintaritza Nazionalak jarritako oztopo guztiak. Estatistikek erakusten dute Israelgo indarrak direla kazetarien aurka oldarkorrenak: kazetariak atxilotu egiten dituzte, ekipoak konfiskatzen dizkiete, sarekadetan bulegoak suntsitzen dituzte... edo mezularia hiltzen dute, 2022ko maiatzean Al Jazeerako kazetari Shirin Abu Aklerekin gertatu zen bezala; oso aurpegi ezaguna zen, 20 urte baino gehiago zeramatzan Zisjordanian kazetari, eta Israelen tiro bat jaso zuen. Israelgo agintariek ukatu egin zuten euren indarrak izan zirenik, eta milizia palestinarrei leporatu zien. Gerora, beraiek izan zitezkeela onartu zuten, baina ez zen ikerketarik egin.

All Jazeera ere Israelentzat mehatxua dela dirudi, "segurtasun nazionala kaltetzeagatik".

Eta mehatxua betetzen ari dira;  ez bakarrik Israelgo bulegoak itxiz, baita Wa'el Dahduh Gazako korrespontsalaren emaztea eta seme-alabak hilez ere, bere etxearen aurkako bonbardaketa batean. Berri horrek izozturik utzi gaitu guztiok, Israel edozertarako gai dela esan nahi duelako, edozein muga gainditzeko gai dela. Nahiz eta 7.000 palestinar baino gehiago hiltzea nahikoa froga den.

Datu erauntsiaren artetik, bada ñabardurarako lekurik?

Heriotza eta suntsipen etenganbeko honetan, beti bilatzen da anekdotikoa dena, itxaropen apur bat baino ez bada ere. Ez nire izenean Israelgo bahituen amen kanpaina, bahitu zahar baten Shalom-a bere bahitzaileari agur esatean... Kronikaren kolorea bilatzen da, hildakoen eta zaurituen kontagailu soil bat izan ez dadin. Istorio hauek elkartuta, Bakearen Aldeko Kazetaritzak gomendatzen duen honetara eraman gaitzake: bestelako ahotsak eskaini, ez zuzenean aurka egiten dutenak (A eta B), Israelgo gobernua eta Hamas, jende arruntaren ahotsak edo ekimenak baizik.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide