Dusko Ivanovicek hartuko du berriz ere Baskoniaren gidaritza

Erredakzioa 2023ko urr. 30a, 17:29
2021an utzi zuen Ivanovicek azkenengoz Baskonia. / Argazkia: ACBphoto

Azken egunotako zurrumurruak baieztatuta, Peñaroyarren ordezkoa izango da Montenegroko entrenatzailea.

Denboraldi hasiera kaskarra izaten ari da Baskonia eta jokoan erakutsitako gabezia hori, hasiera batean, taldearen gidaritza lana behar bezala egingo duen joko-antolatzaile baten beharrari egotzi diote zaletu zein prentsa adituek.

Postu horretan hankamotz dagoela nabaria izanagatik, aste hauetan zehar fitxaketa berri baten zain izan dira zaletu gehienak. Asteak joan, asteak etorri, ez da jokalari berririk iragarri Zurbaoko bulegoetatik, eta bien bitartean taldeak eman duen itxura negargarria izan da.

Ligan, gaizki jokatu arren, garaipen batzuk erdietsi dituzte gasteiztarrek lehen jardunaldietan, baina azken bi aste hauetan zeharo galduta izan dira gasteiztarrak kantxan. Euroligan, gainera, partida bakarra irabazi dute aurten, eta dagoeneko lau porrot pilatu dituzte gasteiztarrek.

Izar Gorrian hasi zuen denboraldia Dusko Ivanovicek, baina kaleratua izan ostean, azken egunotan toki ugaritan aipatu da Ivanovic berriz ere Gasteizera itzultzekoa zela. Azkenik, horrela baieztatu du talde gasteiztarrak, eta Baskoniaren ibilbidean titulu gehien eskuratu dituen entrenatzaile beteranoa izango da, denboraldi bukaera bitartean, taldearen gidaritza hartzeko hautatua. Bederatzi denboralditan zehar hiru liga, hiru Errege Kopa eta Superkopa bat irabazitako entrenatzaileak bere laugarren etapa hasiko du Gasteizen datozen orduotan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide