Julen Martinez de Estibariz eta Ane Zabala, Hiru Haundiak probako handienak

Erredakzioa 2023ko urr. 16a, 17:00
Julen Martinez de Estibariz, Araiako helmugan. Argazkia: carrerasdemontana.com

Julen Martinez de Estibariz arabarrak bigarrenez lortu du garaipena Hiru Handiak mendi lasterketan, 10 ordu, 44 minutu eta 48 segundoko denborarekin. Ane Zabala izan da emakume azkarrena, 14 ordu, 30 minutu eta 2 segundoko denborarekin.

Joan den larunbatean, urriaren 14an, Gorbeia (1.482 metro), Anboto (1.331 metro) eta Aizkorri (1.551 metro) mendietako tontorreraino igo ziren Hiru Haundiak ultra-trail probaren XXIII. edizioko lasterkariak. 1.000 baino gehiago izan dira aurten, dortsalen zozketan 3.000 lagun baino gehiagok parte hartu zuten arren.

Dortsaldunek gehienez 24 orduko epea zuten 101 kilometroko ibilbidea osatzeko, 00:00etan Murgiatik abiatuta, eta bi irabazle nagusi izan ziren Araiako helmugan. Alde batetik, Julen Martinez de Estibariz arabarrak lortu zuen garaipena berriz ere, bigarrenez, 2021eko edizioan lortutako denbora hobetuta: lehen postuan, 10 ordu, 44 minutu eta 48 segundotan osatu zuen ibilbidea.

Bestetik, emakumezkoei dagokienez, Ane Zabala arrasatearrak lortu zuen denborarik onena, 14 ordu, 30 minutu eta 2 segundotan iritsi baitzen Araiako helmugara. Bigarren postuan, Aida Delgado arabarra iritsi zen, 15:02:12ko denborarekin; hirugarren emakumea, berriz, Xari Adrian (Castello) izan zen, 15:07:33ko denborarekin.

Ane Zabala helmugara iristen, Araian.
Argazkia: carrerasdemontana.com

Martinez de Estibariz eta Alvaro Ramosen arteko lehia estuak markatu zuen aurtengo lasterketa, eta Salamancako korrikalaria bigarren postuan iritsi zen 10:56:23ko denborarekin. Hirugarren postua beste arabar batek lortu zuen, Carlos Jimenez de Araiak, 11:10:13ko denborarekin.

Aurten ere, 500 boluntario baino gehiago aritu dira antolaketan eta laguntza zerbitzuetan. 10.125 metroko desnibela duen ibilbidea, irteera eta helmugako udalerriez eta hiru tontor nagusiez gain, Ubide, Otxandio, Urkiola, Landa eta Usabakotxenatik igaro zen, baita Aizkorri-Aratz, Urkiola eta Gorbeiako Parke Naturaletatik ere.

Martinez de Estibariz, Ramos eta Jimenez de Araiarekin.
Argazkia: carrerasdemontana.com

36 urte, 23 edizio

1987an lehen aldiz antolatu zen Hiru Haundiak proba, Manuel Iradier Txangolari Elkartearen ekimenez. 1996ra arte urtero antolatu zen, eta 1998tik aurrera, berriz, bi urtean behin antolatzen da. Pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu zen 2020an, eta 2021eko urriaren 9an egin zen azken edizioa.

2012. urtean, Iker Carrerak ezarri zuen gaur egun arteko errekorra, 10 ordu eta 23 minutuko denborarekin. 2021ean, Maite Maiorak emakumezkoen errekorra lortu zuen, 12 ordu eta 9 minuturekin. Lasterkari gehienak Euskal Herrikoak dira, baina %11 Espainiako Estatutik zein beste herrialdeetatik iritsi dira aurten. Generoari dagokionez, emakumezko korrikalarien kopuruak %15 ingururaino egin du gora azken urteetan.

23. edizio honetan euskal erakunde guztien laguntza izan du kirol ekitaldiak: Vital Fundazioaren zein probaren ibilbidea osatzen duten herrietako tokiko erakundeen babes historikoaz gain, Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ere batu dira antolakuntzara.

Gainera, helmugako eremuan salgai izan ziren Eusko Labeleko produktuen salmentatik bildutako dirua Elikagaien Bankura bideratuko dute, bai eta postuetan prest izan diren eta kontsumitu ez diren elikagaiak ere, hondakinik ez sortzeko helburuarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide