Mila partaide izango ditu Hiru Haundiak mendi lasterketak

Erredakzioa 2023ko urr. 9a, 13:30
2021ean ospatu zen azken edizioa, pandemiako etenaldiaren ostean. Argazkia: hiruhandiak.com

Larunbat honetan, urriaren 14an, Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendietako tontorreraino igoko dira Hiru Haundiak ultra-trail probako lasterkeriak. 24 ordu izango dituzte 101 kilometroko ibilbidea osatzeko.

Bueltan da Hiru Haundiak mendi lasterketa mitiko eta tradizionala. Larunbatean, hilaren 14an, 1.000 partaide inguru izango ditu Manuel Iradier Txangolari Elkarteak Vital Fundazioaren babesarekin antolatutako probaren XXIII. edizioa —3.000 lagun baino gehiagok parte hartu zuten dortsalen zozketan—, Estatu osoko ultra-trail proben artean aitzindaria. Gainera, 500 boluntario inguru arituko dira antolaketan eta laguntza zerbitzuetan.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako parke natural mugakideetatik igaro eta bertako hiru tontor altuenetara igoko dira lasterkariak: Gorbeia, Anboto eta Aizkorri. Proba enblematikoa 00:00etan abiatuko da Murgiatik, eta parte-hartzaileek gehienez 24 orduko epea izango dute 101 kilometroko luzera eta pilatutako 10.125 metroko desnibela duen ibilbidea osatzeko: Gorbeiako (1.482 metro) igoerari ekin ostean, Ubide (01:52), Otxandio (02:20), Urkiola (03:05), Anbotoko igoera (03:45 - 1.331 metro), Landa (05:50), Usabakotzena (07:55), Aizkorriko igoera (09:51 - 1.551 metro) eta Araiako helmugatik (10:46) igaroko dira.

Ibilbidean zehar, Aizkorri-Aratz, Urkiola eta Gorbeiako Parke Naturalak zeharkatuko dituzte. Hori guztia "ingurumenarekiko errespetu zorrotzarekin eta xehetasun txikiena zainduz, ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena izan dadin", antolatzaileen hitzetan.

36 urte, 23 edizio

1987an lehen aldiz antolatu zen Hiru Haundiak proba, Manuel Iradier Txangolari Elkartearen ekimenez. 1996ra arte urtero antolatu zen, eta 1998tik aurrera, berriz, bi urtean behin antolatzen da. Pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu zen 2020an, eta 2021eko urriaren 9an egin zen azken edizioa.

2012. urtean, Iker Carrerak ezarri zuen gaur egun arteko errekorra, 10 ordu eta 23 minutuko denborarekin. 2021ean, Maite Maiorak emakumezkoen errekorra lortu zuen, 12 ordu eta 9 minuturekin. Lasterkari gehienak Euskal Herrikoak dira, baina %11 Espainiako Estatutik zein beste herrialdeetatik iritsiko dira. Generoari dagokionez, emakumezko korrikalarien kopuruak %15 ingururaino egin du gora azken urteetan.

23. edizio honetan euskal erakunde guztien laguntza izango du: Vital Fundazioaren zein probaren ibilbidea osatzen duten herrietako tokiko erakundeen babes historikoaz gain, Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ere batu dira antolakuntzara. Gainera, helmugako eremuan salgai izango diren Eusko Labeleko produktuen salmentatik bildutako dirua Elikagaien Bankura bideratuko dute, bai eta postuetan prest izan diren eta kontsumitu ez diren elikagaiak ere, hondakinik ez sortzeko helburuarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide